“Adimen artifiziala”ren kontra

Landabidea Urresti, Xabier

Aisia eta Giza Potentzialean doktorea. Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko ikertzaile elkartua. UEUko Komunikazio sailburua.

adimen-artifizialaren-kontra
Arg. Anne Fehres and Luke Conroy & AI4Media/Better Images of AI/Hidden Labour of Internet Browsing/CC-BY 4.0

Azken urteak kobazulo batean ezkutatuta egon ezean, denok dakigu zer den adimen artifiziala, dena aldatzera datorrela eta saihetsezina dela. Oso denbora laburrean kontsentsuzko hype erraldoi bat eraiki dugu gizartean, “teknologia” horiek ahalik eta arinen geureganatu eta haien “iraultzara” batzeko deiadar entusiasta artean. Ba omen dator, hemen omen da, eta grabitatea eta heriotza bezain ekidiezina den indar horren aurrean men egitea omen da aukera bakarra eta onena.

Egoera beste bat balitz, ñabardura gehiagoko iritzi-zutabea idatziko nuke, aukera eta arriskuak baloratuz, kritika eta laudorioa konbinatuz... Baina, gauden egoeran, adimen artifizialaren irudikapenarekiko zeharo kritiko agertzea tokatzen zaigula defendatuko dut, eta bost arrazoi proposatuko ditut horretarako:

1.    Adimen artifiziala ez da existitzen. Izena duena ba omen da, baina hori mitologia da, ez materialitatea. Etiketa hori jarri diegu askotariko teknologia, teknika, praktika eta diziplinei (zeinak ezin interesgarriagoak baitira, eta errealak), baina, gaur-gaurkoz, AA, Volskwagen autoetako ziritionea bezala, marketin-operazio erraldoia da: ez du errealitatea deskribatzen, sortu egin nahi du.

2.    AA lapurreta bat da. Historiako botere eta kapital sinbolikoaren arpilatze- eta pribatizazio-saiorik handienaren lekuko izan gara jada. Ez da zehazki beste urrearen sukar bat (NVIDIA korporazioa pikatxoi eta pala digitalak salduz aberasten ari den arren), hau inoizko lapurretarik handiena da, zeinean korporazio hilezkor eta erraldoiek gure datuak eta (arin esaten da) giza kultura osoa jan duten. SGAEren “pirateria delitua da” kanpainak gogoratzen ditugunoi kortsarioen eta koroaren arteko harremanean pentsatzen jartzeko modukoa.

3. AA ez da (gure helburuetarako) tresna bat. Datuen biltegiratze- eta konputazio-gaitasunak zabaltzeak aukera berriak zabaldu ditu eredu probabilistikoak eremu oso ezberdinetan aplikatzeko, itzulpen automatikotik hasi eta elefanteek elkarri izen propioz deitzen diotela ikastera. Baina AA deitu diegun horiek ez dira tresna neutroak. Ingurune natural eta sinboliko osoa espoliatzea eta gainbalioa erauztea dute helburu. Mailu badira, gu gara iltzeak.

4. AA gabon-afariko koinatu hori da. Badakizu, ez dena isiltzen. Inork baino gehiago dakiena denari buruz, eta soluzio sinpleak eskaintzen dituena munduko gaitz guztientzat. Ez daki deus, baina konfiantza erabatekoa du bere gaitasunetan. Googlek esango dizu Erroma 1870. urtean fundatu zela, eta ChatGPTk itsasoko animaliarik azkarrena belatz handia dela; eta esango dizute erabateko konfiantzaz. Ziurrenez hori da behar genuena, Internet osoa pozoituko duen koinatu sintetiko uholde bat.

5. AA gezurra da. Ez da bakarrik testu- eta irudi-​​sortzaile gisa ez dutela esanahiaren edo erreferentearen zentzurik (adierazle soiletan operatzen dute probabilistikoki), ez da soilik koinatu automatikoak direla. Kutxa opaku gisa misterioa eta magia, are errebelazioa eta salbazioa, hitz ematen dizkigute modu erlijiosoan, eta etengabe esaten zaigu ulertzeko ezinezkoak diren teknologiak direla. Etorrera teleologiko orok bezala, noski, baditu bere mesiasak, bere profetak eta bere sektak. Baina, finean, superstizioa bultzatzen ari gara, ez ezagutza.

Badago gauza interesgarririk makinen ikasketa eta ikasketa sakon deitu diegun horietan? Jakina. Baina, oro har, esango nuke egoera oso dela kezkagarria, eta trenera igotzera bultzatu gaituztela nora joan nahi dugun, edo, are, joan nahi ote dugun, galdetzeko astirik izan ez dezagun.

 

-> Adimen artifizialari buruzko gogoeta batzuk: erronkak eta ondorioak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila