Lehen aldiz, irudi berean jaso dituzte zulo beltz bat eta handik ateratzen den materia-zorrotada handi bat. Zehazki, M87 galaxiaren zulo beltza da, 2019an albiste bihurtu zena, irudi batean ikusi ahal izan zen lehen zulo beltza izateagatik. Orain, zulo beltzaren grabitazio-indarretik ihes egiten duen zorrotada bat ere jaso dute irudi berean.
Irudia lortzeko, mundu osoan sakabanatuta dauden teleskopioen sare bat erabili dute: Global Millimetre VLBI Array (GMVA), Atacama Large Millimeter/submillimeter Array (ALMA) eta Groenlandiandiako teleskopioa (GLT). Horrela, aurreko irudian nabaritzen ez ziren uhin-luzerak jaso dituzte, eta horrek aukera eman die hobeto ulertzeko nolakoak diren zulo beltzak eta haietan gertatzen diren fenomenoak.
Adibidez, GMVAk orain hautemandako eraztunaren neurria aurrekoan jasotakoa baino %50 handiagoa da, gutxi gorabehera. Astrofisikarien arabera, horrek adierazten du material gehiago ari dela erortzen zulo beltzera, orduan baino. Nature aldizkarian argitaratu dituzte xehetasun guztiak.
Elhuyarrek garatutako teknologia