Duela urtebete, Event Horizon edo EHT (Event Horizon Telescope) lankidetzak zulo beltz baten lehen irudia erakutsi zuen. Orain, lankidetza horrek zulo beltz batek sortutako zorrotada inoizko zehaztasun handienaz erakutsi du. Astronomy and Astrophysics aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Bost mila milioi argi-urtera dagoen galaxia batean ikusi dute zorrotada, 3C 279 quasarrean. Galaxia hori kuasar gisa dago sailkatuta, haren erdigunean energia-iturri ultra-argitsu batek dir-dir egiten duelako. Hain zuzen ere, erdigunean gure Eguzkia baino mila milioi aldiz masa handiagoa duen zulo beltz bat dago, eta zulo beltz horrek materia irenstean sortzen diren indar ikaragarrien ondorioz, bi plasma-zorrotada biki ateratzen dira, ia argiaren abiaduran.
Mundu osoko hainbat irrati-teleskopio sinkronizatuta lortu dituzte irudi berri hauek. Hala, teleskopio birtual erraldoi horrekin, argi-urte bateko zehaztasunez aztertu ahal izan dute zorrotada, eta akrezio-diskoraino jarraitu ahal izan diote.
Zorrotada zuzena izatea espero bazen ere, ikusi dute forma bihurria duela oinarrian. Bestalde, ikusi dute behaketa iraun zuen egunetan zehar irudiaren xehetasunak aldatuz doazela, ziurrenik akrezio-diskoaren errotazioaren, eta materiala birrintzearen eta infiltratzearen ondorioz. Simulazioetatik espero ziren fenomenoak dira, baina orain arte inoiz behatu gabeak.