Zientzia zabalduz

Gaur egun zientziak duen garrantzia ez du inork zalantzan jartzen. Garai batean zientziaren aurrerapenak pertsona konkretu batzuen laguntzan eta lanean oinarritzen ziren. Oro har, lan horien emaitzak nekez iristen ziren gizarteraino. Orain aldiz, lantaldeak eta tresneriaz ondo hornitutako laborategiak zientziaren gaur egungo adierazpen nagusi dira.

Hori dena ezin da mantendu dirulaguntza zabala jaso gabe eta kasu gehienetan, laguntza horren atzean erakunde publikoak daude. Hori horrela baldin bada, gizarteak badauka beste eskubide bat zientziaren inguruan sortzen diren berriak ezagutzeko, eta zientzilariek eta ikertzaileek errealitate hori ez dute ukatu. Dirulaguntza jasotzeko, zientzilariak gizarteari (eta ondorioz politikariei) bere ikerlanak duen garrantzia eta beharra adierazi behar dizkio. Beraz, inoiz baino gehiago zientzi mailan egiten dena gizarteari transmititu behar zaio.

Zientziaren azken aurkikuntzak zabaltzeko sistema egokiena aldizkari zientifikoena da. Aldizkari-mota horietan ia kasu gehienetan hizkuntza ingelesa da eta gaiak oso espezifikoak eta goi-mailakoak izaten dira. Beraz, informazioa zientzilari eta ikertzaileen artean zabaltzen da eta gizarteko gainerakoei ia ez zaio inoiz iristen. Ondorioz, zientziaren berriak “kalera” zabaltzeko beste bide batzuk bilatu behar dira, eta horretarako, ondoko bi ezaugarriak kontutan hartu behar dira: gaiaren zailtasun-maila eta hizkuntza.

Gure kasuan, zalantzarik gabe erabili behar den hizkuntza (edo erabili beharko genukeena) euskara da, beste herrietan beraiena izango litzatekeelarik. Hala ere, gure hizkuntza bizi deneko egoera dela eta, ohizko kasuetan (hau da, espainiera, frantsesa eta alemanierarenean, adibidez) baino zailtasun handiagoak izaten dira. Ondorioz, zailtasun horiei aurre egiteko, bide bereziak bilatzea eta egokitzea beharrezkoa da zientziaren berriak euskal gizarteraino hel daitezen. Euskaldunen kasuan ere, beste gizarteetan bezala, ondoko bi baldintzak betetzen dira: bata jakinduri gosea asetzea eta bestea zergen bitartez bildutako dirua zientzi eta teknologi proiektuetan nola erabili den ezagutzea.

Duela hilabete batzuk, ia bat batean bi bide berri ireki ziren. Bata “CAF-Elhuyar zientzi dibulgaziozko sariak” eta bestea “Karlos Santamaria Ikerketa-saria”. Lehenengo kasuan, sariak joan den abenduan banatu ziren eta horren berri aldizkari honetan eman da. Karlos Santamaria sariari dagokionez, antolatzailea Donostiako Euskararen Udal Patronatua da eta sari-banaketa urtearen bukaeran izango da.

Lehen esan denez, hizkuntzaz gain, zientziaren berrikuntzak zabaltzeko kontutan hartu behar den beste ezaugarria gaien zailtasuna da. Ikuspuntu honetatik, bi sari horiek guztiz osagarriak dira. CAF-Elhuyar sarien kasuan, helburua zientzia eta teknologia era dibulgatiboaren bidez zabaltzea izan da. Karlos Santamaria sariaren kasuan, giza zientzia, zientzia edota teknologiaren alorrean euskaraz idatziriko lanek izango dute saria eskuratzeko aukera, hau da, idazlanetan ikergaiak ikuspuntu sakonetik aztertuko dira.

Bi bide berri horiei esker, une honetan zientziaren ikerkuntzan lortutako emaitzak eta aurrerapenak euskaraz zabaltzeko aukerak nabarmen handiagotuko dira. Sari horiek urtez urte errepikatzen baldin badira, zalantzarik gabe gure gizarte euskaldun honetan, bai ikerkuntzan eta bai dibulgazio-mailan komunikazio-tresna euskara izateko aurrerapauso garrantzitsuak emango dira.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.