Zer egin pneumatikoei?

Erabili eta gastatutako pneumatikoei irtenbidea ematea arazo handia da. Are handiagoa, Iparrameriketan bakarrik urtero 240 milioi pneumatiko botatzen direla kontutan hartzen badugu. Zenbait tokitan utzitako pneumatikoek gero eta lur-hektarea gehiago estaltzen dute.

Egun, pneumatiko batzuk birziklatu egiten dira etxetako sarreretako lanpasak (“ongietorriak”) egiteko edo asfaltoz nahasturik kautxuzko zoladurak osatzeko. Pneumatikoak erregai moduan ere erabil daitezke, baina sufre-edukin handia dutenez, sufre-oxidoak sortzen dituzte eta euri azidoaren arazoa larriagotzen laguntzen dute.

Estatu Batuetako Pennsylvania-n bi metodo proposatu berri dira pneumatiko zaharren arazoari aurre egiteko.

Horietako batean, pneumatikoak birrindu egiten dira lehenbizi eta gero beste plastiko batzuekin nahasten dira konposite bat eratzeko. Ondoren, nahastea berotu egiten da eta estruitua izan ondoren nahi den forma (tutu, eraztun, etab.) ematen zaio. Honela lortutako plastikoa ohizko PVC baino lau aldiz merkeagoa da.

Bigarren metodoa sofistikatuagoa da. Pneumatikoak birrindu egiten dira lehenbizi eta gero fluoroz eta beste zenbait gasez (oxigenoz, sufre(II) oxidoz edo kloroz) osatutako nahastez tratatzen da. Fluoroak kautxuaren gainazalarekin erreakzionatu egiten du erradikal askeak sortuz. Gasaren beste osagaiek erradikal askeekin erreakzionatzen dute eta talde erreaktiboak (OH, COOH) eratzen dira. Talde erreaktibo hauek beste polimero batekin (epoxi erretxina batekin adibidez) erreakzionatzen dute eta lotura kimikoz estekatutako konpositea erdiesten da.

Erabilitako kautxu-aleen tamainak birziklatutako materialaren ondorengo erabilpenak mugatzen ditu. Esate baterako, oso xehe birrindutakoa pneumatiko berriak egiteko erabili daiteke eta kautxu naturala baino merkeagoa da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila