Zebren marrak, eltxoen aurkako babes

zebren-marrak-eltxoendako-babes
Arg. Caro et al.

Zebrak marra zuri-beltzak izatearen arrazoia odola xurgatzen duten intsektuak dira. Horixe Kaliforniako Unibertsitateko ikerketa-talde batek egin duen lanaren ondorio nagusia. Beraz, ez apeta estetikoa, ez kamuflajea, ez sabanako beroari aurre egiteko sistema… Eltxoen ziztadei aurre egiteko estrategia dago jantzi zuri-beltzaren oinarrian.

Tim Caro biologoaren gidaritzapean, ikerketa-taldeak zazpi zebra-, zaldi-, eta asto-espezieren eta beren azpi-espezieren banaketa geografikoa identifikatu zuen. Banaketa geografikoari beste hainbat aldagairekin alderatu zuten: baso-eremuak, harrapakari  handien guneak, tenperatura, tse-tse  eta ezpaten banaketa geografikoa eta abar. Hori guztia kontuan hartuta, ziztadek eragindako zaurien sakonera, kokapena eta larritasuna identifikatu zituen.

Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek lortutako informazio guztia alderatu egin zuten azken 120 urteotan zientziak  zebren marra zuri-beltzen inguruan sortu dituen bost hipotesiekin.. Hau da: kamuflajea, harrapakarien erasoen aurrean nahastea eragitea, beroa kudeatzeko sistema, zebren gizarte-antolamenduaren koderen bat, edo eltxoen ziztadei aurre egiteko estrategia. Bost hipotesietatik azken horrekin geratu dira zientzialariak. “Emaitzak harritu egin ninduen –dio Tim Caromek–. Behin eta berriz egiaztatu ahal izan genuen, munduan eltxoak jasangaitzagoak diren tokietan, gorputzeko marrak ugariagoak direla”.

Ondorioen ondoren, datoz beste galdera batzuk: zebren eboluzioa zergatik izan da horrelakoa, eta habitat berean bizi diren beste ugaztunena ez da izan? Zientzialarien arabera, zebren ilea laburragoa denez, gainerako ugaztunak baino babes gutxiago dute. Eta, galderarik logikoena, oraindik erantzunik ez duena,  honako hau: eltxoek zergatik ez dute atsegin marradun azala?

Lana Nature Communications aldizkarian argitaratu da, online.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila