Uste zena baino 10.000 urte lehenagotik egiten zuten labar-artea

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Science aldizkarian gaur argitaratu den ikerketa batean frogatu dute datatutako labar-arte zaharrena uste zena baino 10.000 urte lehenagokoa dela. Hain zuzen, orain arte erabilitako datazio-teknikekin, labar-arte zaharrenek 30.000 urte inguru zituztela uste zuten; orain, ordea, ikusi dute batzuek gutxienez 40.000 urte dituztela.
uste-zena-baino-10000-urte-lehenagotik-egiten-zute
Science aldizkariaren 2012ko ekainaren 15eko azala. Arg. Science

Ikerketan, Asturiaseko eta Kantabriako 11 haitzulotako labar-artearen irudiak datatu dituzte uranio/torio desintegrazio metodoaren bidez, tartean, Altamirakoak. Bristoleko Unibertsitateko Alistair Pike ikertzaileak zuzendu du ikerketa, eta Marcos García Díez EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia saileko irakaslea izan da parte-hartzaileetako bat. Haren esanean, “metodo hori erabilita inoiz egin den ikerketa osatuena eta zehatzena izan da orain argitaratutakoa”.

--> Ikusi ikerketaren argazki-galeria

--> Euskadi Irratiaren Faktoria saioan aritu da Ana Galarraga, gaiari buruz

García Díez ikertzaileak azaldu duenez, datazioak egiteko teknika ohikoenetako bat karbono-14an oinarritutakoa bada ere, antzinako labar-artea datatzeko ez da baliagarria, sarritan margo gorria edo grabatua erabiltzen baitzuten; hau da, ez zuten materia organikoa baliatzen irudiak egiteko. Beste batzuetan, berriz, arazoa kutsadura dela zehaztu du García Díezek. "Horregatik egin dugu uranio/torio desintegrazioaren metodoaren alde. Metodo hori asko erabiltzen da geokronologian, eta, labar-artearen kasuan, irudien azpian eta gainean dagoen kaltzitaren adina jakiteko erabili daiteke. Horrek irudien gehienezko eta gutxieneko adina ezagutzeko aukera ematen du. Hala ere, orain arte ez da asko erabili horretarako, muga edo zailtasun batzuk zituelako", aitortu du García Díezek.

Uranioa desintegratzean, sortzen den elementuetako bat torioa da. Desintegrazio hori konstantea da; hortaz, arroka batean uranioaren eta torioaren ehunekoak neurtuta, arrokaren adina kalkula daiteke. Metodoak zehaztasun handia du, baina labar-artearen datazioan ez da erabili orain arte, besteak beste, laginak handiak izan behar zutelako.

Horrenbestez, aurrena metodoa hobetu behar izan dute "gehienezko zehaztasuna lortzeko, gutxieneko lagin-kantitate bat erabilita". Hobekuntza horri esker, nahikoa dute 10 mg kaltzitarekin (lehen gramoak behar zituzten). Eta emaitza ona lortu dutela baieztatu du: "Orain arte esaten zen zaharrenak duela 30.000 urte ingurukoak zirela, baina guk erakutsi dugu batzuek 40.000 urte baino gehiago dituztela”.. Zehazki, 40.800 urte baino gehiago dituzte El Castillo izeneko haitzuloan dauden disko gorriek; horrenbestez, Europako labar-artearen adibide zaharrenak dira, datazio honen arabera.

Irudien egileen bila

Eskuetako bat duela 37.300 urte baino lehenagokoa dela frogatu dute oraingo datazioan, eta diskoetako bat, berriz, 40.600 urte baino zaharragoa. Europako orain arteko labar-artearen adibide zaharrenak egiten ditu horrek. Arg. Pedro Saura

Ikerketa-taldearen esanean, horrek ondorio esanguratsuak dakartza. Izan ere, Kantaurikoko inguru hartan Homo sapiensaren arrastorik zaharrenak duela 41.500 urtekoak dira, eta haiek baino lehen neandertalak bizi ziren han. Hortaz, irudiak noizkoak diren jakinda, ikertzaileek ondorioztatu dute Homo sapiensak hasieratik zuela teknika horiek erabiltzeko gaitasuna, baina ez dute baztertu beste aukera bat ere: neandertalak izatea irudi haien egileak.

Hain justu, azken aukera hori oso litekeena dela uste du García Díezek: “Zeharkako datuen bidez badakigu neandertalek, gaitasun tekniko handia izateaz gain, bazutela pentsamendu sinbolikoa. Horren erakusle dira arte eramangarriaren hainbat adibide, esaterako, 60.000-40.000 urteko marra paralelo antolatuak dituzten piezak. Egia da orain arte ez dugula neandertalek egindako marrazkirik topatu kobazuloen hormetan, baina, behar bada, datatzeko modurik ez dugulako izan gertatzen da hori”.

Orain garatu duten datazio-metodoarekin, ordea, egoera aldatu egin daitekeela iritzi dio: “Kontuan izan behar dugu datatu ditugun margo zaharrenak ez direla figuratiboak; hau da, ez ditugu 40.000 urte baino gehiagoko bisonteak edo zaldiak topatu, baizik eta puntuak eta halakoak. Eskuak ere ez daude margotuta, putz eginda negatiboan eginak baizik. Beraz, agian haiek egin zituztenak ez dira geroago animaliak margotu zituzten populazio berdina; agian neandertalak ziren”.

García Diezen taldeak lanean jarraitzeko asmoa du, eta, beraz, litekeena iruditzen zaio laster galdera horri erantzuteko ebidentziak izatea. “Datorren urtean Frantzian, Italian eta Iberiar penintsulan aplikatuko dugu gure datazio-teknika, eta baliteke orain artekoak baino margo zaharragoak datatzea. Hala ere, ez da erraza izango, kaltzita-geruzak sortzeko klima epela eta euritsua behar baita, eta ez da beti halakoa izan, noski”.

--> Ikusi ikerketaren argazki-galeria.

--> Elhuyar aldizkariaren uztaileko zenbakiaren gai nagusia labar-artea da. Zehazki, labar-artearen ikerketan izan diren aurrerapen teknikoak eta metodologiak, eta nola eragin duten adierazpen-mota horren ezagutzan eta interpretazioan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila