Ultrasoinuz objektu txikiak lebitatzeko teknologia

ultrasoinuz-objektu-txikiak-lebitatzeko-teknologia
Asier Marzo, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzailea, lebitazioa eragiteko gailua eskuan duela. Arg. Asier Marzo, Stuart Robinson, Bruce Drinkwater eta Sriram Subramanian

Milimetro bat baino txikiagoak diren objektuak ultrasoinu hutsez lebitatzen jarri, eta gora eta behera, alderik alde eta buelta emanez ere mugiarazi daitezke, Nature Communications aldizkariak argitaratutako lan baten arabera. Ukitu gabe eta urrunetik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktore-tesia egiten ari den Asier Marzo da lan horren ikertzaile nagusia. Partikulak lebitatu eta zehaztasun handiz mugiaraztea lortu dute Marzo ingeniari informatikoak eta Bristol eta Sussex-eko Unibertsitateetako haren kideek. Horretarako, hainbat bozgorailuren bitartez sinkronizatutako soinu-uhinak igortzen dituen gailua sortu dute.

Pintza formako holograma akustikoak, partikulak lebitatu eta manipulatzeko aukera ematen dutenak. Arg. Asier Marzo, Stuart Robinson, Bruce Drinkwater eta Sriram Subramanian

Trakziozko izpi sonikoa eraiki dute, eta intentsitate handiko soinu-uhinen bidez, holograma akustikoak sortzen dituzte, hau da, eremu akustiko tridimentsionalak. Holograma horiei itxura desberdinak eman dizkiete, pintzen, tornadoen zein botilen itxura, eta lehenengo aldiz partikulak harrapatu eta mugiaraztea lortu dute haiekin.

Poz handiz hartu zuten ikertzaileek haien lorpena, zientzia- eta ingeniaritza-komunitateak aspalditik liluratu dituen aukera bat izan baita. Azkenaldian hainbeste entzuten ari diren Star Wars eta Star Trek filmeetan bertan jada aipatzen zen ideia hori.

Orain arte, objektuak alde guztietatik inguratzen dituzten bozgorailuen bidez bakarrik lortu izan da lebitazio akustikoa, eta horrek mugimenduaren hedapena mugatzen zuen. Oraingoan, ultrasoinuak alde bakarretik igorri izana da ikerketa honen berrikuntza nagusia, eta ikerketa-bide eta aplikazio berriak ireki ditzake.

Etorkizunerako aplikazio teknologiko zein mediko interesgarriak ikusten dizkiote ikertzaileek teknologia honi, hala nola objektu delikatuak garraiatzeko eta muntatzeko produkzio-kate industrialak sortzea, kontaktu fisikorik eskatzen ez dutenak. Bestetik, ultrasoinu horiek airean, uretan zein ehun biologikoetan erabil daitezkeenez, giza gorputzean partikulak manipulatu eta botika espezifikoak zehaztasun handiz garraiatzeko aukera ere eman dezaketela aipatu dute.


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.