Ugaztunen eta hegaztien garunak alderatu dituzte, hegaztien gaitasun kognitibo harrigarriak azaltzeko

ugaztunen-eta-hegaztien-garunak-alderatu-dituzte-h
Arg. Pixabay

Nola liteke zenbait hegaztik —beleek, esaterako— tximino handien pareko gaitasun kognitiboak izatea, hain desberdina izanik hegaztien eta ugaztunen garuneko antolaketa neuronala? Neurozientziak orain arte erantzun ezin izan duen galdera da. Izan ere, hegaztien garunaren azalak ez du ugaztunen kortexak duen arkitektura geruzatua. Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batek, ordea, argitu du eremu batzuek neokortexaren antza duten patroiak jarraitzen dituztela. Are gehiago, ikusi dute, hegaztien neuronak txikiagoak direnez, informazioa prozesatzeko neurona-kopuru askoz ere handiagoa dutela tamaina bereko ugaztun-garunek baino.

Ikertzaileen arabera, badirudi garunaren azalean neurona-dentsitate handiagoa izateak gaitasun kognitiboa handitzen duela. Gizakiok, esaterako, gure garunak elefante baten garunaren tamaina erdia izan arren, hiru aldiz neurona gehiago ditugu: 16 mila milioi inguru. Beleek eta loroek 0,5 mila milioitik gora dituzte, eta 1-2 mila milioi izatera iritsi daitezke, tximinoen pare.

Gainera, hegaztien gaitasun kognitiboak aztertzeko, beleek estimulu bisualei erantzutean izaten duten erantzun neuronala aztertu dute bigarren ikerketa batean. Erantzunaren patroi neuronala ikusita, kontzientzia sentsoriala izatearen zantzuak ikusi dituzte, primateen garun-azal prefrontalean ikusten denaren antzera.

Galdera berriak ekarri ditu auzi horrek. Hegaztiak eta ugaztunak oso urruti daude eboluzioan, duela 320 milioi urte adarkatu baitziren bi lerroak. Hartara, noiz sortu zen kontzientzia sentsoriala ahalbidetzen duen oinarri neuronala? Hegazti eta ugaztunen azken arbaso komunak jada bazuen jada oinarri hori garunean finkatuta, edo, alderantziz, bi taldeetan modu independientean sortu zen gerora, eboluzio konbergenteaz? Erantzuna bat edo beste izan, ikertzaileek frogatutzat ematen dute adimena ahalbidetzeko ez dela beharrezkoa ugaztunena bezalako garun-kortexa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila