Txilen ozono-zuloaren beldur

Badakigu azken urteotan irailean eta urrian ozono-geruza asko ahultzen dela Hego Poloko atmosferan. Hori dela eta, Txileko hegoaldean dauden ardi, untxe eta behiengan begilauso, minbizi eta begietako gaixotasunak asko hedatu zirenez, ozono-zuloaren psikosia hedatu zen bertako biztanleengan.

Hego Polotik hurbilen dagoen populazio-gunerik handiena Txileko hegoaldekoa da. Horregatik, jendeak animaliengan gertatzen ari zena ikusi zuenean, izpi ultramoreak indartsuago heltzeari egotzi zitzaion gaixotasunen errua. Egunkari, irrati eta telebistek aipatu ildotik eman zituzten berriak, horrela gizartean beldurra hedatu zelarik.

Baina orain dela gutxi, Baltimore-ko John Hopkins Institutuko ikerlari-talde batek animaliak gaitzen batek jota gaixotu zirela eta gizakiarengan ez zuela eraginik izan adierazi du.

EEBB-etako Ingurugiroaren Babeserako Zentruak argitara emandako txostenean azaltzen denez, gizakiarengan ez omen da eraginik detektatu, baina aldi berean epe luzerako efektuei buruz ezin dutela deus ere esan adierazi da.

Ikerlarien arabera, joan den urteko iraileko eta urriko zenbait egunetan, Hego Poloan ozono-zuloa (geruza mehetzea) sortzen denean hain zuzen ere, Txileko Punta Arenas-ko biztanleriak normala baino bi aldiz erradiazio ultramore gehiago jasan zuen. Zer esanik ez, erradiazio ultramoreak neurriz gain hartzen badira azaleko minbizia, begi-lausoak eta beste gaixotasun batzuk azal daitezke.

Nahiz eta egun batzuetan lurra jotako izpi ultramoreen kantitatea normala dena baino bi aldiz handiagoa izan, irailean batezbestekoa kalkulatuz, lurra jotako izpi ultramoreen kantitatea % 9 besterik ez zen hazi eta urte osoko batezbesteko hazkundea % 1era ez zen heldu.

Gizakiarengan egindako ikerketen arabera, ez zen ozono-zuloaren eta begien gaixotasunen arteko erlaziorik aurkitu. Ezta artzainen edo arrantzaleen kasuan ere, nahiz eta hauek etxetik kanpo gainerako biztanleak baino denbora gehiago igaro.

Artzainak osasuntsu bazeuden ere, ardiak ez. Zenbait baserritan aztertutako ardien bi herenak konjuntibitisa zuen eta % 13ak begi-lausoak. Hala ere, aztertutako ardietan bat ere ez zen itsu geratu eta ondorioz ikerlariek guk aztertutako begi-lausoek ez dute itsutasuna eragiten adierazi zuten.

Baserri batean aztertutako behi, erbi eta untxeen artean konjuntibitis eta begi-lauso ugari zegoela detektatu zen, baina ikerlarien arabera ohizko patogeno bat izan zen infekzioen sortzailea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila