Torioa: zentral nuklearren belaunaldi berria?

1994ean Fisikako Nobel saria irabazi zuen Carlo Rubbia fisikari italiarrak erregai gisa uranioa ez eta torioa erabiliko lukeen zentral nuklearraren proiektua aurkeztu zuen joan den hilean Genevan. Rubbiak azaldu zuenez, 30 metro kubiko ur edukiko dituen ontzi bat, 300 kg torio eta fisio-erreakzioa abiaraziko lukeen partikula-azeleragailua nahikoa dira 100 megawatteko potentzia lortzeko.

Carlo Rubbia fisikari italiarrak erregai gisa torioa erabiliko lukeen zentral nuklearraren proiektua aurkeztu zuen Genevan. Horrelako 10 multzoz osatutako zentralak gaur egungo ohizko uranio zentralean adinako potentzia (900 MW) lortuko litzateke askoz kostu txikiagoaz.

Horrelako 10 multzoz osatutako zentralak gaur egungo ohizko uranio-zentralean adinako potentzia (900 MW) lortuko litzateke askoz kostu txikiagoaz: 30.000 milioi pta.z (1.500 milioi liberaz) hain zuzen. Partikula-azeleragailuak neutroi-kanoi gisa funtzionatzen du. Neutroiek torio-atomoekin talka egiten dute, torioa uranio 233 bilakaraziz.

Ondorengo uranio hau erradioaktibitate txikiko errauts bilakatzen da, erreakzio honetan neutroiak askatzen direlarik. Neutroi hauek torioak zurgatzen ditu, zikloari segida emateko. Neutroi-askapenaz batera energia, beroa, ere askatzen da. Bero hau erabiliko litzateke, ohizko zentral nuklearretan bezala, ura berotu eta turbinei eragiteko. Partikula-azeleragailua itzaliz gero, fisio-erreakzioa eten egiten da. Beraz, prozesua kontrolaerraza da, beti ere Rubbiaren hitzetan.

Torioa ugari samarra da naturan eta merkea uranioaren aldean. Gainera, torioaren fisio-hondakinak bizitza ertaineko erradioelementuak dira, 200 bat urtez erradioaktibo irauten dutenak, uranioarenek askoz gehiago irauten duten bitartean. Beste abantaila bat gehiago baluke toriozko zentralak: ez du balio erabilpen militarrerako. Rubbiak azaldu zuenez, proiektua abiarazteko dirua lortuz gero, 5 urteko epean lehen prototipoa lanean arituko litzateke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila