Txertaketa-kanpainetan, talde-immunitatea da gehien aipatzen den kontzeptuetako bat. Izan ere, ezinezkoa da populazio osoa txertatzea; beti dago ehunekoren bat zeinari ez zaion txertoa iristen edo ez zaion txertatzea komeni, adibidez, immunoeskasia eragiten dion gaitzen bat duelako. Baina zenbat eta jende gehiago egon txertatuta, orduan eta arrisku txikiagoa dute txertatu gabekoek. Horri deitzen zaio talde-immunitatea. Txertorik gabe, gaitza igaro eta immunizatuta geratzen diren pertsonei esker ere lortzen da.
SARS-CoV-2a agertu zenean, inork ez zuen immunitaterik haren aurrean; munduko populazio osoa zen babesgabea. Txertorik ere ez dago; beraz, talde-immunitatea lortzeko era bakarra hau izango litzateke: infektatutakoak sendatu ahala, immune geratzea, eta, hala, ez izatea berriro gaixotzeko arriskurik. Populazioaren gutxienez % 60-70 berez immunizatuta egonez gero, infektatu ez direnek talde-immunitatearen babesa izango lukete. Nahikoa izango litzateke prebentzio-neurri orokorrak hartzea ez kutsatzeko.
Izurria Txinatik kanpo hedatzen hasi zenean, kutsatutakoak isolatu eta transmisioa eteteko neurriak hartzen hasi ziren leku gehienetan. Izan zen, hala ere, talde-immunitatea sortzea proposatu zuen agintaririk; adibidez, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa.
Atzera egin behar izan zuen, ordea: birusaren hilkortasuna zehazki zenbaterainokoa zen ez zekiten arren, garbi zegoen talde-immunitatea lortzerako heriotza-kopuru izugarria gertatuko zela. Izan ere, pandemiari aurre egiteko neurriak hartu ezean, populazioaren % 0,5-1 hilko litzatekeela aurreikusi zuten; gehienak adinekoak. Bai herritarrek bai adituek onartezintzat jo zuten, eta, azkenean, aurretik Italiak eta Espainiak, adibidez, hartutako neurrien antzekoak ezarri behar izan zituen.
Dena dela, proposamena aurrera atera izan balitz ere, ez dirudi eraginkorra izango zenik; ez, behintzat, epe motzera. Izan ere, oraindik ez dago garbi infekzioa gainditu dutenek lortzen duten immunitatea zenbateraino den sendoa eta zenbat irauten duen. Gainera, oso prozesu motela da, eta olatualdi bat baino gehiago beharko lirateke.
Baina prebentzio-neurriak ere ez direnez guztiz eraginkorrak izan, kutsatu asko izan dira. Batzuk hil egin dira, beste batzuk sendatu, eta askok oharkabean igaro dute gaitza. Azken horiek, sendatutakoek bezala, antigorputzak sortu dituztela ikusi dute test serologikoen bitartez. Beraz, populazioaren zati bat immunizatuta dago. Zenbat dira, ordea?
Espainian duela gutxi hasi dute seroprebalentzia azterketa zabal bat, jakiteko zenbat jende infektatu duen birusak. Oraindik asteak beharko dira emaitzak ezagutzerako, eta, bitartean, lekuan lekuko zenbait ikerketaren emaitzak argitaratzen ari dira. Oso albiste ona izango litzateke frogatuko balitz benetan jende askok igaro duela infekzioa konturatu gabe.
Alabaina, oraingoz ez dago oso itxaropentsu izateko arrazoirik: Bartzelonako Clinic ospitaleko osasun-langileei (578 pertsona) egindako azterketaren arabera, eta une horretan infektatuta zeudenak eta infekzioa igaro zutenak gehituta, % 11,2koa baino ez zen ehunekoa.
Kataluniako ikertzaileek ohartarazi dutenez, oso litekeena da populazioaren ehunekoa are txikiagoa izatea, langile horien kutsatzeko arriskua askoz handiagoa baita gainerakoena baino. Horrenbestez, talde-immunitatea lortzea zenbaitek uste zutena baino askoz ere urrutiago dago, eta ezinbestekoa da oinarrizko prebentzio-neurriei eustea.
Elhuyarrek garatutako teknologia