Pauso erdi bat hiesaren aurkako txerto terapeutikoaren bidean

Pauso erdi bat hiesaren aurkako txerto terapeutikoaren bidean
2011/03/01 | Elhuyar
Paziente bakoitzaren zelula dendritikoekin egindako txerto terapeutikoaren eraginkortasuna probatu dute Clinic Ospitalean.

Berriki, hiesa tratatzeko txerto bat aurkeztu du Bartzelonako Clinic Ospitaleak. Ikerketa Journal of Infectius Diseases aldizkari espezializatuan argitaratu dute, eta, lortutako emaitzak aintzat hartuta, itxaropenezko mezua zabaldu du Clinic Ospitaleak.

Ikerketan 24 pazientek parte hartu dute, tratamendu antirretrobiralik jaso gabeak denak. Erdiek kontrol-taldea osatu dute (ez dute txertorik hartu), eta beste erdiek bakoitzaren zelula dendritikoetatik abiatuta egindako txertoa jaso dute.

Immunitate-sistemaren zelulak dira zelula dendritikoak, eta haiekin egindako txerto pertsonalizatuen hiru dosi eman zizkieten boluntarioei. 24 asteren buruan, odolean zuten birus-kopurua, hau da, karga birala, nabarmen gutxitu zitzaiela frogatu dute ikertzaileek. Nahiz eta kasu bakar batean ere ez zen antzeman ezineko mailetaraino jaitsi, orain arte probatu diren txerto terapeutikoen artean "emaitzarik onena" lortu dutela adierazi dute.

Beraz, mezu hori zabaldu zuten komunikabideen aurrean. Hala ere, beste ikertzaile batzuek zuhurtziaz hartu dute albistea. Adibidez, Parisko Pasteur Institutuko Asier Saez-Cirión mikrobiologoak.

Saez-Ciriónek Infekzio Erretrobiralen Erregulaziorako unitatean egiten du lan, eta gertutik ezagutzen ditu ikerketa horretan parte hartu duten ikertzaileetako batzuk eta haien lana, haiekin elkarlanean ari baita beste ikerketa batzuetan. Bada, haren ustez, emaitzak "oso apalak dira".

Gainera, erabili duten teknika eraginkorra izango balitz ere (eta ez zaio iruditzen bide ona denik, zelula dendritiko horiek neurri handi batean beren funtzioak galdu dituztela erakutsi baitute beste ikerketa batzuetan), ez litzateke erabilgarria izango, oso konplexua eta garestia baita: "pentsaezina litzateke tratamendu hori ematea garatze-bidean dauden herrialdeetan".

Horrenbestez, emaitzak "interesgarritzat" jo dituen arren, gaixoen ikuspuntutik ez du uste inolako aurrerapausorik izan denik.

1
273
2011
3
011
Mikrobiologia; Medikuntza
Albisteak
16
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila