Stephen Hawking hil da

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

stephen-hawking-hil-da
Stephen Hawking kosmologoa hil da. Arg. Flickr

Zientziaren ikono bat hil da: Stephen Hawking. 76 urterekin hil da, Cambridgeko bere etxean. Unibertsoaren legeak argitzeko lan handia egin zuen, eta hamaika sari jaso zituen aitorpen gisa. Ikertu zituen astroen artean, zulo beltzak dira aipatuenak.

Zulo beltz bat singularitate bat da matematikoki: espazioko gune bat, non masaren dentsitatea infinitua den, eta hortaz, grabitateak oso modu berezian jokatzen duen. Stephen Hawking Einsteinen erlatibitate orokorretik abiatu zen singularitate horiek ikertzeko.

Zulo beltzak guztiz ilunak dira grabitateak ez diolako argiari ihes egiten uzten. Baita zulo beltzen inguruan ere, muga bateraino, argiak ezin du ihesik egin. Gertaeren muga deitzen diote. Berez, muga hori baino gehiago hurbiltzen den guztia zulo beltzak irentsiko du. Baina Hawkingek aurkitu zuen hori ez dela guztiz egia. Muga horretan fluktuazio kuantikoak daudela, eta fluktuazio kuantiko horien ondorioz, zulo beltzak erradiazio txiki bat igortzen duela; alegia, argi pixka bat. Hawkingen erradiazioa deitzen zaio, eta hori da, behar bada, Hawkingek utzi duen aurkikuntzarik garrantzitsuena: zulo beltzak ez direla guztiz beltzak.

Hori, ordea, kalkulu bat besterik ez da. Laborategian frogatu zen 2016an, baina ez da inoiz zulo beltz batean detektatu. Are gehiago, agian, ezin da detektatu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila