Somport-eko tunela eztabaidagai

Somport-eko tunelaren proiektua ez da oraingoa. Garai batean Franco berak lau urteko plangintza eratu zuen aipatu tunela egin ahal izateko. Orain Frantziako Gobernua tunela hastear zegoenean Pabeko epaitegiak gelditzeko ordena luzatu du. Emandako arrazoia hauxe izan da: EEEk 1985. urtean, lan handiak burutu aurretik inguruarekiko eragina aztertu behar zela agindu zuen eta Frantziako gobernuak Somport-eko tunelaren kasuan ez du aipatu arautegi europarra kontutan hartu.

Frantziako Gobernuak tunela non eta nola egin besterik ez du aztertu eta Pabeko epaitegiaren erabakiaren ondoren Frantziako Ingurugiro-ministrari den Ségolène Royal-ek Zaragoza eta Paben arteko ibilbidearen ingurugiro-azterketa egingo dela agindu du.

Erabaki honen aurrean aldeko eta kontrako jarrerak berehala sortu dira. Kontrako jarrerak batez ere, tunelak zonalde horren garapena bultza dezakeela pentsatzen dutenenak dira eta hauek gobernuak apelazioa aurkez dezala eskatu dute.

Erabakiaren aldeko jarrera dutenak, batez ere artzaren defendatzaileak dira; une honetan artz arreen (Ursus arctos) kopurua 13 ingurukoa baita. Zonalde horretako biologo den Jean-Michel Parde-k dioenez, garai batean artzen populazioa Piriniotan 1.000koa izan omen zen, baina 1870. urtetik aurrera beherantzako joera nabaria izan zuen ehizaren eraginez. 1960. urtearen inguruan lege bereziak onartu ziren artza desager ez zedin.

Arazo hau ez da hemen amaituko eta duen konplexutasunak informazio-iturri izaten segituko duela ziurtatzen du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila