Saguetan maskuriko tumoreak % 90 murriztea lortu dute, nanorroboten dosi bakar batekin. Nanomakina txiki horiek gernuko ureaz propultsatzen dira, tumorera iritsi eta eraso egiten diote gainazalean daramaten erradioisotopo batekin. Nature Nanotechnology aldizkarian argitaratu dute Kataluniako Bioingeniaritza Institutuak eta CIC biomaGUNEk gidatu duten lan hau.
Maskuriko minbiziak intzidentzia-tasa handienetakoa du munduan, eta laugarren tumorerik ohikoena da gizonengan. Hilkortasun handia ez badu ere, sendatzeko zailenetako bat da, eta tumoreen ia erdiak berriz agertzen dira bost urteren buruan. Egungo tratamenduetan, botikak zuzenean maskuri barruan ematen dira, baina, biziraupen-tasa onak lortu badira ere, eraginkortasun terapeutikoa apala da.
Hala, aukera itxaropentsua da nanopartikulak erabiltzea, gai baitira eragile terapeutikoa zuzenean tumorera helarazteko. Bereziki nabarmentzekoak dira nanorrobotak, gorputz barruan higitzeko gai diren nanopartikulak.
Ikerketa honetan erabili dituzten nanorobotek silizezko esfera porotsu bat dute, eta, gainazalean, funtzio espezifikoko zenbait osagai dituzte. Horietako bat da ureasa entzima, gernuan dagoen urearekin erreakzionatzen duen proteina bat, nanopartikulari propultsatzeko gaitasuna ematen diona. Beste osagai gako bat da iodo erradiaktiboa, tumoreen tratamendu lokalizaturako sarri erabiltzen den erradioisotopo bat.
Saguekin egin duten ikerketan, ikusi dute dosi bakarrarekin tumorearen bolumena % 90 txikitzen dela. Askoz efizienteagoa da, kontuan hartuta ohikoa dela horrelako tumoreak dituzten pazienteak ospitalera 6-14 aldiz joan behar izatea. Orain, tumore horiek tratamenduaren ostean berriz agertuko diren aztertzen ari dira.
Aurreko ikerketa batzuetan, ikusi da nanorroboten autopropultsatzeko gaitasunak aukera ematen duela maskuriko horma guztietara heltzeko. Lan berri hau harago doa, nanopartikulak maskurian mugitzen direla frogatzeaz bat tumorean espezifikoki metatzen direla egiaztatu baitu. Gainera, ikusi dute tumorera iristeaz gain, barrura ere sartzen direla, eta horrek erradiofarmakoaren eragina handitzen duela.
Erronka izan zen argitzea nanorrobotak zergatik diren gai tumorearen barrura sartzeko. Nanorrobotek ez dute tumorea ezagutzeko antigorputz espezifikorik, eta, normalean, tumore-ehuna zurrunagoa izaten da ehun osasuntsua baino.
Ikusi dute nanorrobot horiek tumorearen zelulaz kanpoko matrizea deskonposatzeko gaitasuna daukatela, tokian bertan pH-a igoarazten baitute autopropultsioko erreakzio kimiko baten bidez. Hala, ikertzaileek ondorioztatu dute nanorrobotek talka egiten dutela urotelioarekin, horma bat balitz bezalaxe, baina tumorean, hanpatuagoa denez, sartu egiten direla, eta bertan metatzen.
Gainera, erradioisotopoa garraiatzen duten nanorrobotak era lokalizatuan eman ahal izateak txikitu egiten du kontrako efektuak eragiteko arriskua, eta tumore-ehunean asko metatzeak handitu egiten du eragin terapeutikoa.
Ikertzaileek azaldu dutenez, lan honek ateak ireki dizkiote eragin terapeutikoa sortzeko gaitasun handiagoko beste erradioisotopo batzuk erabiltzeari.
Elhuyarrek garatutako teknologia