Presioa egokia da esnekiak esterilizatzeko

Presioa egokia da esnekiak esterilizatzeko
2011/02/01 | Elhuyar
Presio handiak eta tenperatura handiak konbinatzeko aukera ematen du AZTI-Tecnalian duten ekipoak. Arg.: AZTI-Tecnalia.

AZTI-Tecnalia zentro teknologikoak frogatu du presio handiko teknologia oso gomendagarria dela hainbat esneki esterilizatzeko, ohiko tratamendu termikoaren ordez. Besteak beste, Tecnolat enpresarentzat garatu dute proiektua, eta, Tecnolatek jakinarazi duenez, emaitzak "oso positiboak eta etorkizun handikoak" dira, bereziki frutadun esnekientzat eta lizunak eta legamiak inaktibatzeko.

AZTI-Tecnalian ikusi dute, adibidez, presio handiko tratamenduak jasotakoan, erabat inaktibatzen zirela aztertutako bakterioak edulkoratutako fruta-prestakinetan. Probek, gainera, frogatu dute teknologia eraginkorra dela esnekien lizun eta legamia espezifikoak inaktibatzen. Presio handiekin prozesatutakoan, ikertzaileek ikusi zuten tratatutako laginak, balio-bizitza osoan (hiru hilabetean, gutxi gorabehera), beren propietateei eta kalitate-ezaugarriei eusteaz gainera, ezaugarri organoleptikoei ia bere horretan eutsi zietela produktuek.

6.000 barerainoko presioetan jarri dituzte elikagaiak, eta horrek mikroorganismo hondatzaile edo patogeno gehienak inaktibatzen ditu. Pasteurizazioaren parekoa da, baina, presio handien eraginez, ohiko tratamenduen bidez baino askoz gutxiago eraldatzen dira elikagaien propietateak. Gainera, ohiko tratamendu termikoak baino gutxiago hondatzen du elikagaien kalitate sentsoriala, eta balio-bizitza luzatzen du. Presioz lagundutako esterilizazio termiko ere esaten zaio teknologia berri horri, eta Estatu Batuetako USDAk giro-tenperaturan egonkorrak diren azidotasun txikiko produktuak lortzeko alternatiba gisa onartu du.

1
272
2011
2
014
Dietetika/Elikagaiak; Teknologia
Albisteak
16
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila