Planak egitea zentzuzkoa da, batez ere zentzuz eginez gero. Baina planak egiteak, berez, ez du zertan ona izan behar. Are gehiago han-hemenka egiten direnean. Urarekin ere nabarmena da planen ugarikeria.
Planon gakoa esanetik eginera eman beharreko jauzian datza. Ura zentzuz erabiltzea? Bai, noski! Desorekak gaindituz eskualde guztien garapena lortu? Bai horixe! Kudeaketa hobetu? Ingurugiroarekiko harmonia? Noski! Baina zer dago errealitatean? Zelako zentzuzko erabilera, kudeatzaile batzuen helburua ura monopolizatzea izanik? Nolatan gainditu lurraldeko desorekak, urtegiak kokatzen dituzteneko eskualdeak hondamen sozio-ekonomikora bultzatzen direnean (Itoitz, kasuz)?
Plan Hidrologiko serio batek, testuinguru sozioekonomiko-ekologiko zabalean, ur eskariak (demandak) eta ur-eskaintzak (eskuratzeko moduan den ura) uztartu behar ditu, eta hori espazioan zein denboran. Eta hasieratik, oinarrian bertan, ageri dira desberdintasunak planen artean. Etorkizuneko ur-eskariak zehaztean, kasurako, zenbat biztanle izango dira, ustez, Euskal Herriko eskualde bakoitzean hamar urteren buruan? Hogei urteren buruan? Zein izango da orduan biztanleriaren ur-beharra etxean, industrian, nekazaritzan, ingurugiroan? Zein?
Aigues de Barcelona sozietateak arrazoizko horniziotzat 350 litro/bizilagun/egun (etorkizunerako ere) hartzen duen bitartean, Gipuzkoako PIAS planak 460ko hornizioa hartzen du, Eusko Jaurlaritzako DOTek 400ekoa, eta Plan Hidrologico Norte-III delakoak 205-405 bitartekoa, plan batzuk baino ez aipatzearren. Kontuan izan urtegi berri bat baino gehiago dagoela hor jokoan, zehaztu gura den hornizioaren arabera. Bestetik, egunotan Bilboko Ur Partzuergoak zabaldutako datuen arabera, Bilbo Handiko sareetatik pasatzen den uraren erdia edo “galdu” egiten da. Hala ere, urtegi berrien amets aseezina erakusten du erakunde horrek.
Uraren kontuan denon ahotan diren zenbait lelo badira, baina irakurketa desberdina dute ahotik ahora:
Ez diezagutela esan, berrikitan esan bezala, uraren arazoak (planak barne) tekniko hutsak direla; arazook testuinguru sozio-politikoan baino ezin baitira aztertu, teknikotasuna, oraingoz, bigarren mailara pasatuz. Bada, honetan ere, zer hausnartu eta zer egin.