2019an eta 2020an ohi baino askoz sute gehiago izan ziren Artikoan. Bereziki kezkagarria da hori, inguru horretan zohikaztegi handiak daudelako permafrostean, orain arte izoztuta egon diren lurpeko geruzetan. Zohikaztegi horietan karbono asko metatzen da, eta suteek karbono hori atmosferara igortzen dute. Bada, Science aldizkarian argitaratu duten lan batek erakusten duenez, permafrosteko suteen areagotzea zuzenean lotuta dago klima-aldaketarekin: Artikoko tenperaturek gora egin ahala, esponentzialki ugaritu dira suteak.
1982tik 2020ra bitartean satelite bidez hartutako datuak aztertu dituzte ikertzaileek. 2020ko uda izan zen beroena lau hamarkadatan, eta 2019 eta 2020 artean erretako azalerak ez du aurrekaririk: 4,7 milioi hektarea erre ziren, eta 412,7 milioi tona CO2 isuri ziren. Gainera, 2020an, iparraldeko 72 paraleloaren gainetik suteak izan ziren, Artikoko zirkulu polarretik 600 km iparraldera, suteak oso ezohikoak diren eremuan. Ikertzaileen ustez, ekaitz lehorrak eta tximistak dira suteen eragile nagusia, nahiz eta ikerketa gehiago egiteko beharra ikusten duten, giza jarduerek ere zenbateraino eragin dezaketen jakiteko.
Asko hazi dira zenbait arrisku-faktore, hala nola baldintza atmosferiko lehorragoak, uda luzeagoak eta landare gehiago egotea. Faktore horiek guztiak zuzenean lotuta daude tenperatura igoerarekin. Gainera, ikertzaileek iragarri dute mende amaierarako erabat ohikoak izango direla baldintza horiek.
Suteak eta karbono isurketak ez dira permafrosta desizozteak dakarren mehatxu bakarra. Zientzialariek urteak daramatzate permafrostean izoztuta dauden bakterio eta birusen mehatxuaz ohartarazten. Artikoko izoztutako laku batean berriki egindako ikerketa batean, esaterako, ondorioztatu dute orain arte izoztuta egon diren birusak berragertzeko arriskua dagoela klima-aldaketaren eraginez. Ohartarazi dute milioika urtez patogenoen hilobia izan dena, desizozten ari dela, eta pandemia berrien lur emankor bihur litekeela.
Siberian, 2016an, 20 bat antrax-kasu izan ziren pertsonetan. Eta ikerketek erakutsi zuten desizoztutako permafrostetik etorri zela antrax hura. Baztanga eta izurri bubonikoa ere izoztuta daude Siberian, eta 1918ko gripearen birusaren RNA zatiak ere aurkitu dira Alaskako hobi komunetan lurperatutako hilotzetan. Eta ezin jakin zer gehiago egon daitekeen. Iazko beste ikerketa batean, meseta tibetarreko izotz-laginetan 33 birusen material genetikoa aurkitu zuten; horietatik 28 berriak ziren, eta 15.000 urte inguru zituztela kalkulatu zuten.
Elhuyarrek garatutako teknologia