Hala dio Agustin Arrieta Urtizbereak Elhuyar aldizkariak egindako elkarrizketan: «Gure sinesmenak zalantzan jartzeko gaitasuna da pentsamendu kritikoa izatea. Deserosoa da, ahalegin bat egitea eskatzen baitu. Erosoena da zure sinesmenak behin eta berriz elikatzea».
Egungo egoerak ahalegin berezia eskatzen du, garai berean nahasi baitira norbera eta beste inor kutsatzeko beldurra, etorkizunarekiko ziurgabetasuna, informazio eta sasi-egien etengabeko jarioa, mugak eta arauak... Nori sinetsi?
Horretan laguntzeko asmoz, pentsamendu kritikoa lantzeko dekalogo bat plazaratu du Elhuyarrek. Besteak beste, proposatzen du zalantzan jartzea norbere buruaren usteak eta nolabaiteko autoritatea dutenen esanak, hipotesi bat baino gehiago egitea, falaziekin kontuz ibiltzea, metodo zientifikoan oinarritzea, eta informazio-uholdean fake news edo sasiegiak bereiztea eta erantzukizunez jokatzea.
Hain zuzen, izena ere jarri diote informazio-jario gehiegizko honi: infodemia. Osasunaren Mundu Erakundeak udaberrian bihurtu zuen ofizial terminoa, eta, dakarren arriskuaz ohartarazteaz gain, aholkuak ere eman zituen sortzen dituen ondorio kaltegarriak apaltzeko asmoz. Ondorio horien artean, osasun fisikoari eta mentalari egindako kaltea, estigmatizazioa areagotzea eta arauen kontrako jarrera hauspotzea aipatu zituen.
Gerora, gobernu batzuek, tartean Espainiakoa, kontrol-sistemak sortu dituzte, faltsutzat eta kaltegarritzat jotzen dituzten albisteak ez daitezen zabaldu komunikabideen bitartez. Horrelako neurriek, ordea, zalantza handiak eragiten dituzte, eta, oraingoz behintzat, ez dirudi oso eraginkorrak izan direnik, horrelako albisteen emana ez baita urritu.
Ez du askorik laguntzen, gainera, ingurune zientifiko-teknologikotik datozen berri batzuk gertuago egotea propagandatik datu objektiboetatik baino. Ikertzaile independenteek aztertu aurretik argitaratzea (preprint) ohiko jokabidea bihurtu da, eta, azken boladan, bata bestearen atzetik etorri dira COVID-19aren txertoei buruzko albisteak, konpainia farmazeutikoen eskutik eta prentsa-ohar modura, ikertzaile independenteek, argitalpen zientifikoek eta erakunde araugileek baieztatu baino lehen.
Zientzialari askok kritikatu dituzte joera horiek, eta eztabaida ere piztu da, nola orekatu zientziak behar dituen epeak eta larrialdi-egoerari erantzuteko presa. Garrantzitsua izango litzateke gizarteak ere parte hartzea eztabaida horretan: zer ikertu, zer helbururekin, norentzat, nola, eta zer kontatu, noiz. Horretarako, ezinbestekoak dira gardentasuna eta gizarte ahaldundu bat, kritikoki pentsatzeko gai dena, galderak egiten dakiena.
Izan ere, Arrietak gogorarazi duenez, objektibotasuna eta balio epistemikoekiko begirunea galtzea oso arriskutsua da: manipulaziorako eta totalitarismorako atea da hori, konformismoaren eskutik datorrenean.
Elhuyarrek garatutako teknologia