Mende erdia pasa da Frantziako Grotte du Renne kobazuloan apaingarri artistiko ezagunak aurkitu zituztenetik, eta azkenean, neandertalek eginikoak direla frogatu du PNAS aldizkarian argitaratutako ikerketa batek. Eztabaida handia egon da urte askoan, eta hezur fosilen jatorria ezagutzeko gakoa izan da erabili den teknika berria: paleoproteomika.
Grotte du Renne kobazuloak neandertalen eta gizaki modernoen arteko trantsizioa ulertzeko informazio garrantzitsua du. Europan bi espezieak bizi ziren garaiko industria litiko baten arrastoak ditu (industria chatelperroniensea, duela 40.000 urte ingurukoa): erreminten ondoan animalien hortzekin, hezurrekin eta maskorrekin egindako bitxi artistikoak azaldu ziren, eta haien ondoan, identifikatu ezin ziren giza hortz txiki batzuk.
Hasiera batean Homo sapiensek egindako bitxiak zirela iradoki zuten ikertzaileek, neandertalek adierazpen sinbolikorako gaitasunik ez zutela sinetsita. Aurkitutako hortz hautsien arrastoak neandertalen hortzak izan zitezkeela ikusi zutenean, agian ikertzaileek nahi gabe indusketan mailak nahastu zituztela adierazi zuten. Baina ikerketa berriak argi erakutsi du laginak ez zirela nahastu eta hortzak neandertalenak direla. Badirudi, hortaz, neandertalek haien burua apaintzeko bitxi artistikoak egiten zituztela, oraindik ere ikertzaile batzuek gaitasun kognitibo hori onartu nahi ez badiete ere.
Ikerketaren ekarpenik handiena, ordea, erabilitako teknika izan da: paleoproteomika. Giza hortzak oso hautsiak zeuden eta ezin zuten jakin zein giza espezietakoak ziren, baina hortz fosil haietatik proteinak erauzteak hortzen jatorria identifikatzeko aukera eman die. Izan ere, kolagenoa erauztea lortu dute, hezurretan ohikoa den proteina bat, eta masa-espektroskopiaz kolagenoaren aminoazidoen sekuentzia analizatu dute. Neandertalena bezala asparraginan aberatsa dela ikusi dute, eta ez azido aspartikoan, gizaki modernoetan ohikoa den bezala.
Ikerketa honek agerian utzi du paleoproteomika teknika jaioberria den arren, antzinako proteinen analisiak aukera asko ireki ditzakeela etorkizun hurbilean. Batez ere Pleistozeno berantiarreko hominidoak bereizten lagundu dezake, garai hartako laginak urriak baitira eta, gainera, kasu askotan antzinako DNA ez baita ondo mantendu.
Elhuyarrek garatutako teknologia