Azken bi urte hauen ondoren, nabarmena da lehengora iltzultzeko gogoa: lasai elkartu nahi adina jenderekin, lasai besarkatu, lasai musukatu, lasai dantzatu, lasai abestu, lasai egin kirola, lasai zaindu eta zaintzen utzi, lasai bidaiatu… Eta ez da harritzekoa, inolaz ere, gure espeziearen berezko jarduerak baitira horiek denak. Birus baten transmisioa eragozteko, ordea, behartuak izan gara hain sustratituta dugun horri guztiari uko egitera, eta, horren aurrean izandako jarrerak ere, alegia, ukoa onartzea edo ukatzearei uko egiteak, are gehiago gaiztotu du giroa.
Ahaztu dugu, baina, bere horretan lehengora itzultzeak berekin ekarriko lukeela hau guztia berriz gertatzeko arriskua. SARS-CoV-2 birusa ez baita ustekabean sortu eta hedatu. Eta ez, ez da, konspirazio-teoria batzuek dioten bezala, norbaitek planifikatu eta nahita sortu duelako, ez. Ez da horren beharrik izan.
Izatez, zientzilariek ziurtasun osoa zuten halako pandemia bat gertatu, gertatuko zela, eta denboran oso urrutira joan gabe, gainera. Haien ustez, oso litekeena zen aire bidez transmitituko litzatekeen patogeno bat izatea eragilea, seguru asko, birus bat. Gripearena? Ez litzateke harritzekoa izango; hain zuzen, 2009an, adibidez, izan ziren horren beldur, H1N1-aren agerraldiarekin. Koronabirus bat? Hori ere izan zitekeen; SARS eta MERS agerraldien mehatxua kontuan hartuta.
Non eta nola gertatuko zen ere aurreikusi zuten. Miren Basaras Ibarluzea mikrobiologoak hauxe esan zuen, COVID-19a agertu baino urtebete lehenago, 1918ko pandemiaz Elhuyar aldizkarian egindako erreportaje batean: “Leku batzuetan arrisku handiagoa dagoela birusak animalietatik gizakietara jauzi egiteko; adibidez, Asian: “Zergatik? Haztegietan, hurbiltasun handia dagoelako hegaztien [animalien] eta pertsonen artean”.
Ahaztu genuen, ordea. Bagenituen beste kezka batzuk. Berehala etorri zen gogorarazpena, ordea. Hasierako erantzuna, hala ere, errealitatea ukatzea izan zen. Txinan ez zituzten jakinarazi lehen kasuak, eta gero, gaixotasun kutsakor berri bat zela ohartarazi zutenean, mendebaldean ezentzuna egin zuten. Birusa Txinatik atera eta bertara iritsia zela baieztatutakoan ere, gutxiestera jo zuten: “gripe bat baino ez da”.
Zaila da jakitea zer bilakaera izango zuen pandemiak, kudeatzaileek, harrokeria alde batera utzi, eta egoeraren larritasuna eta konplexutasuna onartuta, gizarte-eragileekin batera eta ikuspegi sozialarekin landu izan balute estrategia.
Hain zuzen, Euskal Herrian, adibidez, 2020ko martxoan, Mugimendu Feministak mahai tekniko bat sortu zuen “COVID-19ak larritutako zaintza-krisiari heltzeko”. Zaintza koordinatzeko mahai bat eratzeko eskatu zaioten Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Euskal Elkargoari. Alderdi politiko eta sindikatuez gain, gizarte-eragileek ere parte hartu beharko luketela esan zuten: mugimendu feministak, etxeko eta egoitzetako langileek, guraso-elkarteek, eta zaintzaren, ekonomiaren eta medikuntzaren arloko adituek.
Agintariek, ostera, entzungor egin zuten. Konfinamendua ezarri zuten, eta gerra adierazi zioten birusari. Arma bat lortzean jarri zuten indarra: txertoa. Estrategia horretan bakarrik oinarritzeak garbi erakusten zuen, baina, zenbateraino zen murritza egoeraren gaineko begirada. Onenean, inoizko txertorik ahaltsuena garatuz gero eta mundu osoari ematea lortuz gero ere, SARS-CoV-2a menderatzea lortuko zen.
Ahaztu zuten, ordea, arazoa ez zela soilik birus bat. Ez zen pandemia bat, sindemia bat baizik, eta hala ohartarazi zuten, 2020ko urrian, medikuntza-aldizkari ezagunenetako batean, The Lancet-en. Sindemien ezaugarria da baldintzen eta egoeren arteko interakzio biologiko eta sozialak biltzen dituela, eta interakzio horiek areagotu egiten dutela pertsonen osasunari kalte egiteko edo okerrera egiteko joera.
Eta bizi dugun egoera honetan, bat egin dute osasun-krisiak, gizarte-krisiak eta ingurumen-krisiak. Horrenbestez, alderdi bakar bati erantzuten dioten estrategiak, nahitaez, hankamotz geratuko dira.
Argi eta garbi adierazi zuten The Lancet-en: “Desberdintasun handiak aldatzeko politikak eta programak diseinatzen ez dituzten bitartean, gure gizarteak ez dira inoiz benetan seguru egongo COVID-19arekiko”. Hau ere iragarri zuten: “Guganantz datorren krisi ekonomikoa ez du botika batek edo txerto batek konponduko”. Horrenbestez, ikuspegi zabalagoa hartzea gomendatu zuten, hezkuntza, enplegua, etxebizitza, elikagaiak eta ingurumena barne hartzen zituena.
Horri heldu aurretik iritsi ziren lehen txertoak, eta berritu ziren promesak: “helduen % 70 txertatuta, talde-immunitatea lortuko da”. 2021eko udan zegoen zerumuga. Berriro ere lehenera bueltatzeko gogoz, aurrez gertatutakoak eta azaleratutako gaitzak ahaztuta.
Promesa beteezina dela baieztatu dugu. Eta ahaztu dugu. Ahaztu dugu Nafarroako Osasun Kontseilariak pandemia amaitua zela iragarri zuela 2021eko irailean. Eta sinetsi nahi dugu pandemia bukatzear dela, eta endemian gaudela ia-ia, oso ondo ez badakigu ere zer esan nahi duen horrek.
Nostalgiak jota gaude. Baina, etorkizun hobea nahi badugu, komeni zaigu ez ahaztea, eta igarotzen ari garenaz ikastea. Lehenak eta ahanzturak ekarri baikaituzte hona.
Elhuyarrek garatutako teknologia