Nekazaritzaren sektorearen erronkez hausnartzeko jardunaldia antolatu dute NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak eta Elhuyar Fundazioak.
Nekazaritzak eta abeltzaintzak hemen eta orain dituzten erronkak aztertu dituzte hainbat ikertzaile eta dibulgatzailek. Hainbat ideia azpimarratu dituzte: nekazaritzaren ikuspegi erromantikoaren eragina, biosferaren multifuntzionalitatea ulertu beharra, lurzoruaren mikrobioma eta Osasun Bakarraren kontzeptuak berezkoa duen ikuspegi antropozentrista.
Teknologiak nekazaritza jasangarriago bat egiten lagundu diezaguke?
Ana Aizpurua Insausti NEIKEReko Landare Ekoizpena eta Babesa saileko ikertzaileak abiatu du eztabaida. Laboreen ongarriztapenaz aritu da Aizpurua, eta lurzoruan eragiten dituzten kalteak eta eskatzen duten kontsumo energetiko handia gogorarazi ditu. Nekazaritzaren inguruan dagoen ikuspegi erromantikoa alde batera utzita, sateliteen teknologiak ongarri gutxiago erabiltzen lagundu dezaketela adierazi du. Sentinel-2 sateliteen bidez, lurzoruaren produkzio-mapak egin daitezkeela erakutsi du. Lurrazalak igortzen dituen erradiazioak aztertuta, landarea nola dagoen eta nola hazten ari den jakin dezakete. Beraz, sateliteei esker, nekazaritza-partzela bakoitzak eremuz eremu duen emankortasuna ezagutzeko gai direla erakutsi du.
Zehaztasun handiko datuak lortzen dituztenez, lursailen errendimendu-mapak egiteko eredu aurreratuak garatzen ari dira NEIKERen. Mapa horiek, eremu bakoitzaren emankortasuna xehe ezagutu, eta ongarria alferrikakoa izango den tokian botatzea eragozten dute. Beraz, satelite-teknologia erabiltzeak nekazaritza jasangarriago bat egiten lagundu dezakeela aldarrikatu du Aizpuruak.
Gaitzen bektoreak, klima-aldaketarekin eta globalizazioarekin lotuta
Aitor Cevidanes Miranda Osasun Bakarrean aditua da, eta NEIKEReko Animalien Osasuna saileko ikertzailea. Zoonosiak eta alderantzizko norantzan gertatzen diren antropozoonosiak izan ditu hizpide. Alegia, animalietatik gizakietara eta gizakietatik animalietara transmititzen diren gaitzak. Haien prebentzio- eta zaintze-lana nola egiten den azaldu du.
Akainak, eltxoak eta beste hainbat bektoreei ere aipatu ditu. Patogeno, ostalari eta bektoreen arteko erlazioa klima-aldaketarekin eta globalizazioarekin guztiz lotuta daudela adierazi du, eta gogorarazi du Asiatik etorritako eltxo tigrea 2014an identifikatu zela lehenengoz Euskal Herrian, baina, gaur egun, Bizkaian eta Gipuzkoan hedatuta dagoela.
Antibiotikoekiko erresistentziaren larrialdia ere ekarri du hausnarketara. Izan ere, abereen haztegietan erabiltzen diren antibiotiko-kopuru handiek eragina dute erresistentzien garapenean. Ospitaleetan azaltzen diren erresistentzia-geneak eta abere-ustiategietan azaltzen direnak konparatzen ari dira NEIKERen, haien arteko erlazioa argitzeko.
Azkenik, Osasun Bakarraren kontzeptua findu beharra aldarrikatu du. Gizakion osasuna animalien osasunarekin eta ingurumenaren osasunarekin erabat lotuta daudela dio kontzeptuak, baina Cervidanesek uste du oso modu antropozentristan sortu dela kontzeptua, giza osasuna zaindu nahian oinarritua, azken batean. Giza osasunean hainbeste zentratu beharrean, Osasun Bakarraren kontzeptuan ingurumen-etika barneratzeko beharra aldarrikatu dute eztabaidan.
Naturak multifuntzionalitatea hobesten du
Hirugarren hizlaria Ibone Ametzaga Arregi izan da. Ekologian aditua da, eta EHUko Garapen Iraunkorra eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO katedrako zuzendaria. Biosferaren funtzionamendua eta mugak izan ditu hizpide, nekazaritzaren eraldaketa jasangarria diseinatzeko baliagarri izan daitezkeelakoan.
Hasteko, dibertsitateak ekartzen duen erresilientziaz hitz egin du. Basoetan, esaterako, zuhaitzen dibertsitate genetikoa ezinbestekoa da klima-aldaketari aurre egiteko, Ametzagaren hitzetan. “Espezie desberdinetako zuhaitzak behar ditugu, eta, espezie berekoak izanik ere, genetikoki desberdinak direnak. Dibertsitate horrek eta basoen egituran bertan dagoen dibertsitateak lagunduko dute basoa erresilientea izan dadin”.
Biosferaren izaera multifuntzionalaz ere aritu da. “Ohiko nekazaritza-sistemetan, produktu bakar baten ekoizpena maximizatzen saiatzen gara. Letxuak, adibidez. Baina naturak justu kontrakoa egiten du: ez du maximizatzen, multifuntzionalitatea hobesten du. Lan asko egiten ditu, bakarra maximizatu gabe. Biosferaren funtzionamendua kopiatu beharko genuke nekazaritzan ere, hori baita ondoen funtzionatzen duena. Espezie bakar baten ekoizpena maximizatzeak arazo handiak sortzen dizkigu, Naturak ez baitu horrela funtzionatzen. Uzta mixtoetan pentsatu beharko genuke”.
Polinizazioa ere gakoa ikusten du. Polinizatzaileak uzta sortzeko ezinbestekoak dira, eta dibertsitate genetikoa sortzen dute landareetan. Polinizatzaileak desagertzen ari direla nabarmendu du, kezkaz, eta, ondorioz, nekazaritza arriskuan dagoela. Polinizatzaileek beren funtzioa bete dezaten, paisaia funtsezkoa dela adierazi du: askotan, polinizatzaileak basoan bizi dira, zuhaitzen artean egiten baitituzte habiak, baina uzta-eremuetan eta larreetan elikatzen dira gero. Beraz, paisaiaren dibertsitatea ere nekazaritzarentzat garrantzitsua dela uste du.
Hori dela eta, hiru ezaugarri gako ikusten ditu Ametzagak nekazaritzaren etorkizunerako: sail txikiak, uzta mistoak eta ingurumen naturala. Paisaiaren kudeaketa integrala egin behar dela aldarrikatu du.
Lur-zizareen mikrobioma
Manu Soto López, EHUko ikertzailea eta Plentziako Itsas Estazioko zuzendariordea da. Biologo zelularra da, eta, itsasoaren osasunaz gain, lurrazalaren osasuna ere aztertzen du. Lurzoru kutsatuak garbitu eta haren funtzionalitatea berreskuratzeko, hiru protagonista baliatzen dituzte: landareak, bakterioak eta zizareak.
Lurzoruko ingeniariak izanik, zizareetan jarri du arreta. Lurzoruan egiten dituzten lanak gogorarazi ditu: nutrienteen zikloa, ura purifikatzea, materia organikoa degradatzea, lurreko mikrobioak orekatzea, lurra oxigenatzea… Baina beste funtzio interesgarri eta baliagarri bat ere izan dezaketela azpimarratu du, antibiotikoekiko erresistentziak gogoan: abere-haztegietatik iristen diren antibiotiko asko eta erresistentzia-gene asko daude lurzoruan, eta lurzorua antibiotikoez garbitzeko gaitasuna dute zizareek. Izan ere, zizareek lurra beren traktutik pasarazten dutenez, lurrean dauden bakterioak ere jasotzen dituzte. Baina lurzoruen mikrobioma eta zizareen mikrobioma konparatzean, konturatu dira ez direla berdinak: askoz ere erresistentzia-gene gutxiago daude zizareetan, lurzoruarekin konparatuta. Oraindik ez dute argitu zergatik gertatzen den, baina oso esanguratsua dela uste dute. Hortaz, zizareen gorotzak aztertu eta haien mikrobioma ezagutu nahian ari dira orain PiE eta NEIKER ikerketa-zentroak elkarlanean, zizareek erresistentzia-geneen eragina nola minimizatzen duten argitzeko.
CAF-Elhuyar sariak presente: Neiker sariaren irabazleak
Asier Albite Arregi eta Izaro Zubiria Ibarguren albaitariek ere eman dute hitzaldia jardunaldian. Albitek 2021ean Neiker saria irabazi zuen CAF-Elhuyar dibulgazio-sarien baitan, “Betizua, Europako azken behi basatia, desagertzear?” lanarekin. Eta Zubiriak 2019ko Neiker saria irabazi zuen, “Esnea ekoizteko, kanpoko edo bertako proteina erabili?” lana aurkeztuta. Biek abeltzainen ahotsa ekarri dute. Batetik, belaunaldi gazte eta helduen arteko aldeak aipatu dituzte, eta balore desberdinak dituztela nabarmendu dute. Abeltzain gazteen teknifikazioaz hitz egin dute.
Bestetik, 1986an Europako Batasunean sartu izanak Euskal Herriko abeltzaintzan ezarritako legediaz eta haren eraginaz ere hitz egin dute. Besteak beste, animalien produkzioa handitu beharra ekarri zuen. Horrek abereen elikadura aldatu zuen, kanpo-intsumoekiko mendekotasuna sortuz eta baserrien autosufizientziarekin amaituz. Horri buelta emateko, abereak elikatzeko bertako proteina nola erabili daitekeen aztertu dute.
Amaitzeko, dibulgazioaren garrantzia azpimarratu dute, gizartea kontziente izan dadin nekazaritzak eta abeltzaintzak egun dituzten erronkez eta ingurumen-osasuna integratzeko beharraz.
Elhuyarrek garatutako teknologia