Betizua, Europako azken behi basatia, desagertzear? CAF-Elhuyar saria 2021 (Neiker Sari Berezia)

Asier Albite Arregi

Zaragozako Unibertsitateko ikertzailea

Milaka urte dituen bertako behi-arraza da betizua, eta desagertzeko arriskuan dago.
betizua-europako-azken-behi-basatia-desagertzear
Betizu arrazako zezena. Arg. Bravoynatural | Fotografia taurina/Alberto Barrios Torres

Betizua Euskal Herriko orografia malkartsura eta klimatologia hezera egokituta dagoen eta mendeetan zehar biziraun duen abelgorri-arraza da. Animalia horiek osagarri ekonomikoa dira baserritarrentzat, eta abeltzaintza estentsibo eta iraunkorra ahalbidetu dute. Gainera, bertako espezieen bioaniztasun zabalari eusten lagundu diote. Hala ere, mendi, baso eta zelaietan dauden animalien populazioak behera egin du, landa-biztanleria zahartzearen eta ingurune sozioekonomiko eta ingurumen tradizionala desagertzearen ondorioz. Horregatik da beharrezkoa arrazak bizi duen egoera delikatua ezagutaraztea, gizarteak ondare horri balioa eman diezaion eta animaliok landa-sektorean, naturan eta ekonomia estentsiboan txerta daitezen; eta, horren ondorioz, beste hainbeste mende iraun dezaten.

Jose Miguel Barandiaranek zioenez, zezen gorria edo betizua mitifikatu egin izan da paleolitikotik. Isturitzeko Laminazilon, Sarako leizean, Zugarramurdiko Akelarren eta beste hainbat haitzulotan “zezen gorriak” irudikatzen dituzten grabatuak eta pinturak aurkitu dira (Barandiaran, 1969). Euskal mitologian, zezen gorria edo behi gorria izaki mitologiko gisa ageri da, Mari jainkosaren haitzuloen zaindari gisa (Barandiaran, 1994).

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, bertako arraza asko hobetu eta kanpoko arraza produktiboagoak sartu ziren Euskal Herrian (Altarriba eta Aranguren, 2003). Orduan, ekonomikoki errentagarriagoak ziren azienda-taldeak eta hain emankorrak ez zirenak bereizten hasi ziren (Echevarría, 1975), eta azken horiek mendi garaietara eta geografikoki isolatuagoak ziren eremuetara baztertu. Bereizketa eta isolamendu genetiko horri esker, betizuek bizirik iraun ahal izan dute.

Gaur egun, betizuak Euskal Herriko gune menditsu nagusietan daude, eta Araban eta Zuberoan ez beste gainerako probintzia guztietan daude: Nafarroan (Bernez, 2010), Gipuzkoan, Bizkaian (Gómez, 1999), Lapurdin eta Nafarroa Beherean.

Betizu arrazako behia. Arg. Bravoynatural | Fotografia taurina/Alberto Barrios Torres

Behi izu

Betizua da erabat aske edo erdi aske bizi den behi-arraza bakarrenetako bat (Pérez de Muniain, 1999). Hortik dator ziurrenik Betizu hitza, behi eta izu batzetik datorrena (Gómez et al., 1999). Duela gutxi arte animalia horien gaineko kontrola oso urria zen. Jabeak noizean behin animaliak harrapatzen saiatzen ziren, artzain- eta heltze-txakurren laguntzaz, zekorrak kendu eta familia-kontsumorako edo zezen-festa herrikoietan askatzeko (Barandiaran et al., 2000), esaterako. Animaliek antzinako suhartasuna mantentzen dutenez, Euskal Herriko leku askotan erabiltzen dira oraindik zezen-festa herrikoietan, hala nola entzierroetan, errekortari-txapelketetan, sokamuturretan eta abarretan.

Animalia biziak dira, arinak eta oso landatarrak, eta buru handia eta fina dute, begi adierazkorrak, zertxobait irtenak eta aureola argi batez inguratuak (eper-begia). Garapen goiztiarreko adarrak dituzte, ilargi-erdi itxurakoak, eta punta horixkak dituzte. Neurri luzanga dute, altuera txikia, muskulu-garapen txikia (Pérez de Munian eta Gomez, 2009) eta garapen berantiarra; beraz, haragi-ekoizpen oso txikikoak dira. Gari-kolorekoak dira. Behiek oso esne-ekoizpen eskasa dute, txekorra hazteko beharrezkoa baino ez, eta hamahiru eta hamalau urte bitartean bizi dira (Napal eta Pérez de Muniain, 2006).

Betizuei jana ematen. Arg. Bravoynatural | Fotografia taurina/Alberto Barrios Torres

Ba ote dute bizirauteko aukerarik?

Abeltzaintza intentsibo eta komertziala modu berean gauzatzen da munduko leku guztietan; haragi, esne eta arrautzen ekoizpenean espezializatutako arraza gutxi batzuen ustiapenean oinarritzen da, zeinak produkzio-behar handiak baititu, hala nola pentsua, botikak, estabulazioa, erregai fosilen kontsumoa, etab. (Napal eta Pérez de Muniain, 2006). Beste muturrean, bertako arrazak daude, mendeetan zehar inguruko orografiara eta klimatologiara egokitutako animaliak, eta inondik inora arraza espezializatuen ekoizpen-eskakizunak ez dituztenak (Legrand, 1999).

Gainera, bertako arraza guztiak abeltzaintza estentsiboko ekoizpen-sistema bati lotuta daude (Reta, 2019), altxor kultural itzela dira eta gure gizartearen nortasuna osatzen dute. Arrazoi historiko eta kulturalez gain, arrazari eusteko beste arrazoi batzuk ere badaude, hala nola ingurumen-aldaketak gainditzeko gaitasuna edukitzea, kontsumitzaileen etorkizuneko eskaera posibleei erantzuteko gai izatea, eremu txiroen aprobetxamendua gauzatzea, gaixotasunekiko erresistentzia edukitzea, landa-paisaian parte hartzea eta material genetiko errepikaezina edukitzea (Altarriba, 2019).

Bestalde, betizuek kalitate bikaineko haragia dute, beste haragi-arraza espezializatu batzuek baino kantitate txikiagoa badu ere.

Betizuek, larreen hazkuntza eta kalitatea hobetzeaz gain, materia hil eta lehorraren metaketa kontrolatzen dute, eta, hala, suteei aurre egiten laguntzen dute. Urte osoan mendietan bazkatzen duten betizuek aktiboki parte hartzen dute paisaiaren eta bioaniztasunaren mantentze-lanetan (Gómez et al., 1997). Belar, adartxo, txilar, zuhaixka, hosto eta azalez elikatzen dira (Mandaluniz, 2003). Ganaduen larratzeko ekintzak lurreko floraren aniztasuna leheneratzen du, eta lurzoruaren mikrofauna berpizten duten kateak berrezartzen ditu. Gorotzak deskonposatzean, landare-geruza aberasten da, eta horrek landaredia hazten laguntzen du (Legrand, 1999). Latxa ardiek edo sasi-ardiek, betizuek eta pottokek, adibidez, ez dute belar-mota bera jaten, eta, beraz, espezie horiek batera edo txandaka larratzeak mendia garbi egotea eragiten du, era guztietako landareak jaten baitituzte (Viard, 2014). Beraz, betizuek aukera ematen dute abandonatutako espazioak berreskuratzeko eta balioa ematen laguntzeko, bai eta bioaniztasun basatia zaintzen laguntzeko ere (IKT, 2017).

Genomikaren aukerak

Indibiduoen jatorria, hiru azpipopulazioren arabera. Arg. Asier Albite Arregi

Gaur egun, genomikak hamaika aukera berri eskaintzen dizkigu; hain zuzen ere, genotipazioko txipek informazio molekular itzela ematen dute, eta, horrekin, populazioen genetikan askotariko ikerketak egiteko aukera. Besteak beste, aukera ematen du egitura genetikoen analisi sakonagoa egiteko (Peter, 2016), odolkidetasuna aztertuta homozigosi-guneak (ROH- Runs of homocigosity) identifikatzeko (Peripoli et al., 2016, Luigi et al., 2018), genoma osoan elkarte-azterketak gauzatzeko (Tam et al., 2019) eta aukeraketa genomikorako prozedurak definitzeko (Meuwissen et al., 2001).

Prozedura horiek guztiek, galtzear dauden arrazetan aplikatzean, abereen etorkizuna ziurtatzen laguntzen dute, informazio baliagarria eskuratzen baita gurutzamenduak nola egin jakiteko; horrela, odolkidetasuna kontrolatuz, gaixotasun genetikoak ekidin daitezke ondorengoengan, eta arrazaren biziraupenean laguntzen duten landatartasun- eta amatasun-geneak transmititzen dira.

2020an, azterketa genetiko bati ekin genion Aiako Parke Naturalean larratzen diren Gipuzkoako Betizu elkarteko abelburuekin. Helburua zen arrazaren kontserbazioan eta biziraupenean laguntzeko informazioa biltzea. Ikerketak aukera eman zuen ganadu-talde horretan zenbait azpipopulazio hautemateko. 37 indibiduoren odol-laginak atera ostean, Axiom™ Bovine Genotyping v3 txiparen bidez genotipatuak egin ziren. Txipak 63.988 SNP markatzaile ditu; SNPak nukleotido bakar baten polimorfismoak dira, eta DNA-sekuentzian base purikoa edo pirimidikoa aldatzen dute (adenina, timina, zitosina edo guanina), hau da, base bat DNA-zati baten posizio jakin batean aldatzen dute.

Betizuak mendian larratzen. Arg. Bravoynatural | Fotografia taurina/Alberto Barrios Torres

Kontuan izan behar da betizu arrazako hainbat jaberen abelburuak mendi komunal zabaletan larratzen direla, denak batera; beraz, ez da lan erraza izaten jaiotzen diren txahalak zer gurasorenak diren identifikatzea, eta, ondorioz, zer jatorri duten jakitea.

Goiko grafikoan ikus daiteke animalia bakoitzaren osaera genetikoan jatorri edo enbor bakoitzak zer aztarna utzi duen, kolore ezberdinekin adierazita. Azpipopulazio horiek bat datoz ia nahasketarik izan ez zuten behi-talde nagusiekin, eta betizuen azienda gehienak birpopulatzeko balio izan zutenekin, hala nola Goizueta, Arano eta Leitzalarrekoekin (berdea), Aralarrekoekin (urdina) eta Bizkaikoekin (gorria). Grafikoak jatorri genetiko gorri, berde edo urdineko indibiduo bakoitzean metatutako jatorriaren ehunekoa adierazten du, beti % 100 batzen duena. Adibidez, 6045 eta 7326 identifikadorea duten animaliak (berdeak) jatorri bakarrekoak dira, hau da, haien arbasoak talde berekoak ziren. 6045 animalia (berdea) 3660arekin (urdina) gurutzatu ondoren, 5252 animalia jaio zen, zeinak % 50 kolore berdea eta % 50 urdina baitu.

Garrantzitsua da azpipopulazioak identifikatuta edukitzea, haien ezaugarriak indartu beharra dagoenean, edota animalien artean nahasketa egokiak egiteko odolkidetasun altuegia denean (Martín-Burriel eta beste, 2007).

Ondorioak

Etorkizunera begira, ikusi da betizuek lan ezin hobea egiten dutela mendiak garbitzen, suteak saihesten eta bioaniztasuna eta paisaia mantentzen. Mendian bazkatzen diren zekorrak ekoizpen-kostu txikiagoarekin saldu eta kalitate-zigilu bat sortzeak osagarri ekonomiko bat lortzeko aukera ematen dio abeltzainari.

Betizua larratzen. Arg. Bravoynatural | Fotografia taurina/Alberto Barrios Torres

Animalia horiek parke eta erreserba naturaletan sar daitezke, purutasunezko banku genetiko gisa erabiltzeko edota ikerketa edo helburu didaktikoetarako; Pagoetako Parke Naturala har daiteke adibidetzat.

Bestalde, ikerketa genomikoen erabilgarritasuna agerian geratu da, arrazaren kontserbazio-programan erabaki garrantzitsuak hartzeko informazio oso baliagarria eskuratu baikenuen. Zehazki, ezezagunak ziren ahaidetasunen jatorria identifikatzea lortu genuen, arren eta emeen gurutzamenduen planifikazio egokia egiteko eta gehiegizko odolkidetasuna saihesteko.

Esker onak

Eskerrak eman nahi dizkizuet nire ondoan modu batera edo bestera egon zareten guztioi, Luis Varona eta Juan Altarriba irakasleei, Eva Ugarte, Jose Mari Plazaola, Antonio Ibarguren eta Arantzazu Martiarenari eta, nola ez, betizu arrazako abeltzainei.

Bibliografia

Altarriba Farrán, J. (2019). “Importancia de la cría animal en raza pura”. Oye-closed . Eskuragarri: http://oye-closed.chil.me/post/importancia-de-la-cria-animal-en-raza-pura-juan-altarriba-244018 [2020-03-25ean begiratua].

Altarriba, J. y Aranguren, F. J.(2003). Mejora genética de la raza Pirenaica. Eskuragarri: http://www.conaspi.net/verdocumento.asp?iddoc=3624 [Consultado: 27-02-2020].

Barandiaran, J. M. (1994). Mitología Vasca (10ª edición). San Sebastián: Txertoa

Barandiaran, J. M., Manterola, A., Arregi, G. eta Grupos Interregional Etniker Euskalerria. (2000). ATLAS ETNOGRÁFICO DE VASCONIA. GANADERÍA Y PASTOREO EN VASCONIA . Bilbo: Ed. Labayru Institutua.

Bernez-Vignolle, M. (2010). Le Betizu, une population bovine des montagnes basques: statut juridique et modalités de gestion. Tesia. Albaitaritza medikuntza-Toulouse.

Echeverría, T. (1975) Raza vacuna Pirenaica: evolución, situación actual y perspectivas. Doktorego t esia. Zaragozako Unibertsitatea.

FUNDACIÓN HAZI FUNDAZIOA (IKT). (2017). Plan de Uso Público del Parque Natural de Pagoeta. Informe: Puesta en valor de las razas autóctonas de ganado domésticas. Donostia.

Gómez Fernández, M. (1999). “La raza bovina Betizu, ejemplo de trabajo de recuperacion de una raza entre vascos de distintos territorios”. Naturzale, Cuadernos de Ciencias Naturales, zenbakia (14), 97-99. orr..

Gómez, M., Plazaola, J. M. y Seiliez, J. P. (1997). “The Betizu Cattle os the Basque Country”. Boletín de Información sobre Recursos Genéticos Animales-FAO , zenbakia (22), 1-5. orr..

Legrand, S. (1999). “Conocimiento, valorización y gestión: palabras clave para la conservación del Betizu”. Naturzale, Cuadernos de Ciencias Naturales, zenbakia (14), 73-80. orr..

Luigi, M. G., Cardoso, T. F., Martínez, A., Pons, A., Bermejo, L. A., Jordana, J., Delgado, J. V., Adán, S., Ugarte, E. Arranz, J. J., Calvo, J. H., Casellas, J. Y Amills, M. (2018). “IDENTIFICACIÓN DE REGIONES COMUNES DE HOMOCIGOSIDAD EN CABRAS Y OVEJAS” . XIX Reunión Nacional De Mejora Genética Animal. León. 2018ko ekainaren 14a eta 15a.

Mandaluniz Astigarraga, N. (2003). Pastoreo del ganado vacuno en zonas de montaña y su integración en el sistema de producción de la CAPV. Tesia. Zaragozako Unibertsitatea.

Martín-Burriel, I., Rodellar, C., Lenstra, J. A., Sanz, A., Cons, C., Osta, R., Reta, M., De Argüello, S., Sanz, A. eta Zaragoza, P. (2007). “Genetic Diversity and Relationships of Endangered Spanish Cattle Breeds”. Journal of Heredity , zenbakia (98), 687-691.orr.. https://doi.org/10.1093/jhered/esm096

Meuwissen, T. H., Hayes, B. J., Goddard, M. E. 2001. Prediction of total genetic value using genome-wide dense marker maps. Genetics 157:1819-1829.

Napal Lecumberri, S. eta Pérez de Muniain Ortigosa, A. (2005). Las Betizus de Navarra. Las últimas vacas salvajes de Europa . (2. edizioa). Iruñea: Editorial Evidencia Médica.

Pérez de Muniain Ortigosa, A. (1999). “La Betizu en Navarra”. Naturzale, Cuadernos de Ciencias Naturales, zenbakia (14), 81-84. orr..

Peripoli, E., Munari, D. P., Silvia, M. V. G. B., Lima, A. L. F., Irgang, R. y Baldi, F. 2016 . “Runs of homozygosity: current knowledge and applications in livestock” . ANIMALGENETICS, Immunogenetics, Molecular Genetics and Functional Genomics, 48, pp. 255-271. DOI: 10.1111/age.12526

Peter, B. M. 2016. Admixture, Population Structure, and F-Statistics. Genetics 202:1485-1501.

Reta Guembe, A. (2019). P roducción y puesta en valor de la carne de los animales de Casta Navarra (Ganado de la tierra) . Gradu amaierako lana. Nafarroako UnibertsitatePublikoa.

Tam, V., Patel, N., Turcotte, M., Bosse, Y., Pare, G., Meyre, D. (2019). Benefits and limitations of genome-wide association studies . Nature Reviews Genetics 20:467-484.

Viard, A. (2014). Casta Navarra, la otra cuna del toreo. Vieux-Boucau: Terres Taurines

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila