Oraindik ikerketa-fasean dauden arren, nanorrobotak medikuntzan oso erabilgarriak izango direla aurreikusten da. Nanometro bateko tamainako osagaiak dituzten makina ñimiñoak dira, eta organismo baten barruan era autonomoan mugitzeko gaitasuna izan dezaten diseina daitezke. Edozein aplikazio mediko izan dezaten, ordea, funtsezkoa da nanorrobotek mugimendu koordinatua izatea eta medikuek ondo ezagutzea nola mugitzen diren organismo baten barruan. CIC biomaGUNEko ikertzaileek lehen aldiz monitorizatu dute nanorrobot-multzo batek sagu bizien barruan duen portaera, eta arrain-sarden moduan mugitzen direla ikusi dute. Alegia, modu koordinatuan mugitzeko eraginkortasuna badutela erakutsi dute.
Etorkizun handieneko nanorrobot-sistemen artean, entzima katalitiko bidez autopropultsatzen direnak daude. Askotariko aplikazioak ikertzen ari dira: tumore-zelulak identifikatu eta aurkitzea, organismoaren txoko jakin batzuetan botikak askatzea, hantura-erantzunetan zelulei laguntzea... Patologia espezifikoak tratatzeko, milioika nanorrobot behar dira. Beraz, haien portaera kolektiboa ulertzeaz gain, ezinbestekoa da organismo bizi baten barruan nola dabiltzan jarraitu ahal izatea.
Ikerketak nanorrobotak in vivo monitorizatzeko metodologia findu du, positroien emisio bidezko tomografiaren bidez (PET). Teknika hori ez-inbaditzailea eta sentikortasun handikoa da, eta ingurune klinikoan erabiltzen da. Nanorrobotak saguetan sartu dituzte, zain bidez eta maskurian. Kasu honetan, ureasa izeneko entzima bat zuten nanorrobotek, saguen gernuaren urea erregai gisa erabiltzeko gai dena. Hala, erraz mugi zitezkeen ingurune horretan. Baina nanorroboten motorretan entzima desberdinak sar daitezkeela diote ikerketaren egileek: neurrirako nanorrobotak egin litezke, organismoaren barruko helburuaren arabera, nanogailuak mugitu behar duen ingurunean eskuragarri dagoen erregaira egokituz.
Ikerketan CIC biomaGUNEk eta Kataluniako hainbat ikerketa-taldek hartu dute parte; tartean, Kataluniako Bioingeniaritza Institutuak. Science Robotics aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Elhuyarrek garatutako teknologia