Hipertermia da beroa erabiltzea tratamendu gisa: gorputzeko ehun jakinak tenperatura fisiologikotik gora berotzen dira, lortu nahi den efektua eragiteko. Kasu honetan, helburua da tumoreak suntsitzea, nanopartikula magnetikoek askatutako beroaren bidez.
1990eko hamarkadan aurkitu zen nanopartikula magnetikoen propietate hori: eremu magnetiko alternoen eraginpean, energia-kantitate handia xurgatzen dute, eta bero gisara igortzen. Nanopartikulak tumoreetan estrategikoki kokatuta, horiek suntsitzeko erabil daitezke. Hipertermia magnetikoa deritzo hurbilketa horri eta 2011tik erabiltzen da minbiziaren aurkako terapia esperimental gisara.
Bide horretan, aintzat hartu beharreko parametro garrantzitsuenetako bat nanopartikulen xurgapen-tasa espezifikoa da, hau da, nanopartikularen masa unitateko zenbat energia xurgatzen duen. Balio hori hainbat faktoreren mendekoa da: aplikatzen den eremu magnetikoaren maiztasuna eta intentsitatea, nanopartikularen tamaina, itxura, osagaiak, etab.
EHUko ikertzaileek nahi den eremu magnetikoa eragin eta nanopartikulen xurgapen-tasa espezifikoa neurtzeko gailu bat eraiki dute; gero, hainbat eredu egin dituzte, nanopartikulen formaren, materialaren eta estekatzaileen arabera, xurgapen-tasa espezifikoaren balioa nola aldatzen den jakiteko.
“Berokuntza ez da nonahi eta nolanahi aplikatu behar —adierazi du ikerketa-taldeko kide Eneko Garaiok— : 41 eta 46 °C arteko tenperatura aplikatu behar da, eta tumoreetan bakarrik. Izan ere, tenperatura-tarte horretan eraginkorragoa da hipertermia magnetikoa”.
Garaiok dioenez, hainbat abantaila ditu metodologia horrek: “Alde batetik, erabiltzen diren eremu magnetikoek ez diete kalterik eragiten gorputzeko ehun osasuntsuei. Bestalde, estekatzailez inguratu daitezke nanopartikulak. Normalean, burdin oxidozkoak izaten dira partikulak; estekatzailea, berriz, molekula organikoz egindako geruza bat izaten da. Sistema horri esker, tumore-zeluletara itsats daitezke nanopartikulak, zelula osasuntsuei eragin gabe”.
Ikerketa lan horrengatik, eta zehazki, Measurement Science and Technology aldizkarian argitaratutako artikulu batengatik, Outstanding Paper Award saria jaso berri dute.
Elhuyarrek garatutako teknologia