Munduko urtegiak gero eta hutsago daude, nahiz eta ur-erreserbak handitzen ari diren, urtegi berriak eraikitzearen ondorioz. Horixe utzi du agerian mundu osoko urtegietako erreserben hogei urtetako bilakaera aztertu duen ikerketa batek. Natur Communications aldizkarian argitaratu dute.
Satelite-datuak erabiliz, 1999 eta 2018 bitartean mundu osoko 7,245 urtegiren bilakaera aztertu dute. Ikusi dute erreserbak urtean 28 km3 inguru handitu direla, urtegi berriak eraikitzearen ondorioz. Alabaina, urtegi berri horiek ere ez dira espero edo behar adina ur biltzen ari. Eta, orotara, urtegien edukieraren eta gordetzen duten uraren arteko proportzioa gero eta txikiagoa da.
Hego Amerikako eta Afrikako urtegietako erreserbak dira gehien jaisten ari direnak; eta, aldi berean, leku horietan handitzen ari da populazioa, eta ondorioz, uraren beharra. Ipar Amerikan eta Europan, berriz, oro har, gero eta beteago daude urtegiak.
Emaitzok ikusita, ikertzaileek iradoki dute, ura eskuragarri izaten jarraitzeko, ez dela nahikoa izango urtegi berriak eraikitzearekin, eta, aitzitik, kudeaketa-estrategia berriak ezinbestekoak izango direla; batez ere, erreserben erregulazioaren ingurukoak.
Elhuyarrek garatutako teknologia