Munduko ibaien zatiketa larria dela ohartarazi dute

munduko-ibaien-zatiketa-larria-agerian-utzi-du-ike
Arg. Pixabay

Munduko ibaien lehenengo ebaluazio globala egin du McGill Unibertsitateko eta World Wildlife Fund-eko (WWF) ikertzaile-talde handi batek. Satelite-datuez baliatuta, isuri askeko ibaien kokapenaren eta hedaduraren berri eman dute, Nature aldizkarian. Emaitzen arabera, munduko ibai luzeen % 37k baino ez du isuri librea, iturburutik itsasoraino.

Ikertzaileek adierazi dute presak eta urtegiak direla ibaien jarraitutasuna eta ibaien arteko lotura galtzearen eragile nagusiak. Munduan 60.000 inguru presa handi daudela kalkulatu dute, eta beste 3.700 presa hidroelektriko eraikitze bidean. Ikertzaileen esanetan, libreki mugitzeko gaitasunari esker gertatzen dira ibaietan uraren, bizidunen, sedimentuen eta elikagai eta energiaren mugimendua eta elkartrukea. Munduko ibaiek osatzen duten sare konplexu hori, ordea, etena dago guztiz.

Ibaiak, gure planetako odol-bideak

Erreka osasuntsuek funtzio asko betetzen dituzte: besteak beste, itsasoaren deltak mantentzen dituzten sedimentuak sortzen dituzte etengabe. Urak libreki ibili ezin duenean, ibaiek funtzio horiek betetzeari uzten diote. Arturo Elosegi Irurtia EHUko ikertzaile eta katedradunak kezka adierazi du horren aurrean: “Presak ezartzen direnean, askoz ere sedimentu gutxiago iristen da itsasora, eta deltak desagertzen ari dira jada. Itsas arrantza egin den tokiak ere kaltetzen ari dira, sedimentu- eta mantenugai-faltagatik”.

Arturo Elosegi, EHUko ikertzailea eta ibaien ekologian aditua. Arg. EHU

Ur gezetako biodibertsitatean ere galera handia ekartzen du: “Ibaiko bizidun ia guztiek zatikatu gabeko ibaiak behar dituzte. Izokinen kasua da ezagunena, baina migratzaile ez direnek ere behar dute zatikatu gabeko ibaia. Adibidez, ur gezetako muskuiluak, lehen oso ugariak zirenak, erabat mehatxatuta dauden animaliak dira gaur egun, arrainen zakatzetan migratzen baitute”.

Kalkuluen arabera, Europa bataz bestekoa baino okerrago dago: 1.000 km-tik gorako ibaien % 12 besterik ez da isuri librekoa; Ipar Amerikan, % 25; Hego Amerikan, % 51; Asian, % 33; Afrikan, % 47; eta Australian, % 60. “Euskal Herrian ere oso txarra da egoera, oso zatikatuta daude ibaiak; eta, erreka txikietan, txostenean aipatzen dutena baino okerragoa da egoera”, argitu du Elosegik. “Gipuzkoan 900 presatik gora dago, baina askok mendeak daramatzate erabili gabe. Eta hor daude oraindik, uraren, materiaren eta bizidunen mugimendua oztopatzen”.

Hidroelektrikoa, energia-iturri eztabaidagarria

Ikerketaren egileek energia-iturri berriztagarrien artean eolikoa eta eguzki-energia lehenesteko proposamena egin dute, hidroelektrikoak ibai-komunitatetan sortzen dituen kalteengatik. “Norvegian energia asko lortzen dute zentral hidroelektrikoez", dio Elosegik. "Gipuzkoan, ordea, 60tik gora zentral elektriko daude –ibai guztiak daude zentralez josita–; eta denek batera duten ekoizpen hidroelektrikoa lau aerosorgailuren adinakoa da. Ibai guztiak txikitzen ari gara, ia ezer ez ekoizteko".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila