Medikuntzako ikasleen kezka

Arestian medikuntzako ikasleak gure herrietako kaleetan ohi baino maizago ikusi ditugu. Bata zuriz jantzita, tentsioa hartzen, korrika egiten edota firmen bila aritu zaizkigu, orain arte beste irudia azaltzen zuten gazte hauek.

Irudi-aldaketaren zioa, Osasungo Ministeritza eta medikuntzako ikasleen arteko gatazka da. Arazo hau sakon azaltzea ez da erraza, gure gizarteko osasungoaren eta unibertsitatearen ereduak aztertzea, eta agian zalantzan jartzea, beharrezkoa litzatekeelako. Bestetik, Einsteinek bere teorietan azaldu zuenez, behatzaile bakoitzak gertaeren neurketa ezberdina egiten du bere posizioaren (eta interesen) arabera. Dena den, gaiari buruzko zenbait argibide ematen saiatuko naiz, arazoa erabat aztertuko ez dudala jakinda.

Gatazkaren jatorria ez da gaur goizekoa. Europako Elkarteak 1987an onartutako araudiak, medikuntzan lizentziatutako guztiak, osasungo publikoan sendagile orokor gisa aritzeko, bi urtetako praktikak egitera derrigortzen ditu. Praktikak ospitale edo osasunguneetan burutu behar dira eta Estatu Espaniarrean 1995etik aurrera beharrezkoak izango dira. Puntu hau da gatazkaren lehen gakoa, hain zuzen ere; gobernuak izan duen aurrikuspen eza, aspalditik zetorren arazoari behar zen garaian aurre egin ez ziolako.

Bestalde, orain arte, ministeritzak praktikak egiteko MIR bidea baino ez du eskaini. Bide honi jarraitzeko, aurkezten direnen % 25ek baino gutxiago gainditzen duten azterketa atera behar da. Ondorioz, aurrerantzean karrera amaituko duten lizentziatu gehienen (MIR azterketa gainditu dutenenak izan ezik) 6 ikasturteek, egoera aldatzen ez bada, ez dute deus ere balioko. Honen aurrean, estatu osoko medikuntza-ikasleak kaleratu egin dira, gobernuari bi urte praktikoak eskain ditzan eskatuz. Halaber, ikasleek ikastaro hau lizentziatu guztientzat eta kalitatezkoa izan dadila nahi dute.

Azken mobilizazioen ondoren, gobernua bi urteko heziketa-ikastaroa eskaintzeko eta MIR plazak ugaltzeko prest agertu da. Dena den, honek ez ditu ikasleen nahiak ase, aipatu ikastaroa unibertsitatean burutuko delako, eta ez ospitale edo osasunguneetan, eta areago, Ministroak ere kalitate txarrekoa izango dela adierazi omen duelako. Honek bi mailetako mediku orokorrak sor ditzake: MIRaren bidez Famili Medikuntza (Europako Elkartean Estatu Espainiarrean baino ez dagoena) egin dutenak, eta aipatu heziketa ikastaroa burutu dutenak. Bestalde heziketa-modu hau ez legoke, nire ustez bederen, denok eskatzen dugun osasungoaren kalitatea hobetzearen bidean.

Dena den, arazoaren konponbidea ez da izango, inola ere, denen gustukoa. Zenbait mediku-elkarte, sendagile orokor gisa aritzeko, MIR bidea besterik ez mantentzearen alde azaldu da, bere ustez osasungoaren kalitatea segurtatzen duen bakarra omen delako.

Bukatzeko, eta arazoa beste ikuspegietatik aztertzeko asmoz, galdera batzuk plazaratu nahi nituzke, neuk ere erantzunak argi ez ditudala zehaztuz: Estatuak behar dituen sendagileak ezezik, beste guztiak ere hezi behar al ditu?, Medikuntzan lizentziatutako guztiei ikastaroa eskaintzea, ez al da beste ikasketak egin dituzten langabetuekiko abantaila handia?, Noiz egin behar da edozein lanbidetan arituko den jendearen hautaketa?, eta abar.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila