Lur seguru eta justu baten mugak estuagoak dira

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

lur-seguru-eta-justu-baten-mugak-aurrekoak-baino-e
Lurraren muga seguru eta justuak non dauden gaindituta. Arg. FutureEarth / Earth Commission / Lade et al., 2023

Lurra sistema egonkor bat izateko muga berriak proposatu dituzte, mundu osoko pertsonen segurtasuna eta justizia kontuan hartuta, lehenengoz. Aurretik ezarritako mugak baino estuagoak dira, eta ia denak gaindituta daude dagoeneko.

Mundu osoko 40 ikertzaile baino gehiago biltzen dituen nazioarteko batzorde zientifiko batek egin du azterketa, eta Nature aldizkarian argitaratu dute, “Lur seguru eta justu baten mugak” izenarekin. Lan horrek berresten du gizakia arrisku izugarriak ari dela hartzen gizakiaren beraren eta Lurrean bizi den guztiaren etorkizunerako.

Klimari, biodibertsitateri eta ekosistemei, urari, ongarriek eragindako poluzioari eta aireko kutsatzaileei dagozkien 8 muga seguru eta justu proposatu dituzte; seguruak, Lurraren egonkortasuna eta erresilientzia mantentzeko; eta justuak, mundu osoko pertsonei kalte esanguratsurik ez eragiteko. Eta ikusi dute, bi irizpideak kontuan hartuta, mugak zorrotzagoak direla. 

Esaterako, klima-aldaketari dagokionez, berotzea 1,5 ºC-ra mugatuta, inpaktu larrienak saihestuko dira, baina ez pertsona askori eragingo dieten beste kalte esanguratsu asko, hala nola, heriotzak, migrazioak, eta elikagaien eta uraren eskuragarritasuna. Izan ere, 1,5 °C-ko igoerarekin, 200 milioi pertsonak muturreko tenperaturekin bizi beharko dute, eta 500 milioi pertsonari baino gehiagori eragingo die itsas mailaren igoerak. Hala, klimaren muga seguru eta justua 1,0 °C edo txikiagoa zela kalkulatu dute. Eta muga hori gainditu izana ez da justua, dagoeneko milioika pertsonari kalte esanguratsuak eragiten ari delako.

Kalkulatu dutenez, lurrazalaren % 52 hartzen duten eremuetan bi muga edo gehiago gaindituta daude dagoeneko, eta horrek munduko giza populazioaren % 86ri eragiten dio. Bestetik, munduko populazioaren % 28 bizi den eremuetan, lau muga edo gehiago daude gaindituta. Eta mundu osoko datuak kontuan hartuta, zortzi mugetatik zazpi daude gaindituta. Aireko kutsatzaileena da salbuespen bakarra, nahiz eta hori ere gainditzen den hainbat puntutan.

Hala, lanaren egileek aldarrikatu dute beharrezkoa eta urgentea dela mundu mailako lidergo bat, erabaki azkarrak hartu eta planeta seguru eta justu bateranzko eraldaketa eragingo duena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila