Lehenengo robot biologikoak sortu dituzte, adimen artifizialaz diseinatuta

lehenengo-robot-biologikoak-sortu-dituzte-adimen-a
Ezkerretan, adimen artifizialaz diseinatutako organismoaren plano anatomikoa. Eskuinetan, horretan oinarritutako bizidun funtzionala. Arg. Sam Kriegman, UVM

Zelula amez osatuta daude, baina ordenagailu batek diseinatu ditu. Halakoak dira lehenengo robot guztiz biologikoak, PNAS aldizkarian argitaratu dutenez. Txikiak dira, 0,1 cm eskasekoak, giza gorputzean bidaiatu ahal izateko. Makina biologikoak izanik, robot ohikoak baino interesgarriagoak dira giza gorputzaren barruan lanak egiteko: gorputzean botikak garraiatzeko eta modu adimentsuan entregatzeko balio lezakete, arterietako plakak kentzeko, edota kaltetutako ehunak bere onera ekartzeko. Hiru dimentsioko forma biologikoak nahieran sortzeak medikuntzari bultzada handia emango liokeela adierazi dute xenoroboten egileek, baina, horretarako, lehenik argituko beharko lukete nola lortu funtzio jakin bat bete dezaten zelulek.

Makina biologikoak sortzeko, Xenopus laevis igel afrikarraren enbrioietatik zelula amak hartu eta inkubatzen jarri zituzten ikertzaileek (hortik dator haien izena, xenorobotak). Hazitakoan, birmoldatu egin zituzten, adimen artifizialaz diseinatutako gorputz-forma izan zezaten. Hortik aurrera, azaleko zelulak beren kabuz elkartu ziren egiturari azal babeslea sortuta, eta gihar kardiakoaren mugimenduari esker mugitzeko gaitasuna eskuratu zuten. Lipido eta proteinen gordailu bat izateak astebetez bizirauteko aukera ematen die, beste elikagairik ez dagoen ingurunetan.

Xenoroboten zelulek igelen DNA badute ere, ez dute igel formarik hartu; haien anatomia ez da biologikoki lehenetsia dagoena, ikertzaileek moldatu eta diseinatutakoa baizik. Beraz, robot funtzionalak sortzeak ekar dezakeen aurrerapen medikoaz gain, bizidunen kode morfogenetikoa deszifratzen hasteko lehenengo urrats txiki bat izan daitekeela adierazi dute Vermonteko Unibertsitateko ikertzaileek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila