Apo azazkalduna, fisikarien lilura

Municheko fisikari batzuek Xenopus laevis apoaren neuronen jarduera azaldu dute eredu matematiko baten bitartez. Apoak gauez harrapa ditzake ur gaineko intsektuak, ingurua erabat ilun dagoenean, eta fisikariak liluratuta daude ehiza-teknika horrekin.

(Argazkia: www.h-nds.de).

Fisikarien arabera, apoak ur-uhinak interpretatzen ditu intsektua non dagoen eta zein tamainatakoa eta itxuratakoa den jakiteko. Gorputzaren alboetan lerrokatuta dituen organo sentikor batzuen bitartez detektatzen ditu uhinak, eta informazio horrekin harrapakina aurkitzen du. Besteak beste, bi intsektu detekta ditzake batera, sortzen duten uhin konplexuari bakoitzak egiten dion ekarpena bereizita.

Apoaren ahalmena eredu matematiko baten bidez adierazi dute fisikariek. Eredu hori zuzena bada, beste animalia urtar batzuk ere ikertu ahal izango dira modu berean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila