Landareetatik intsektuetara ere, geneen transferentzia naturala

landareetatik-intsektuetara-ere-geneen-transferent
Lehenengo aldiz, intsektuek landareetatik geneak eskuratu izan dituztela frogatu da.. Arg. Wikimedia

Eboluzioan arrunta izan da geneak espezie batek besteari transferitzea. Milioika urtean, bakterio zein onddoek transferitutako geneak erabili dituzte animalia eta landare askok, eta gaitasun metaboliko edo defentsa-estrategiak berriak garatu dituzte horri esker, besteak beste. Orain arte, ordea, ez zen inoiz identifikatu landare batek intsektu bati naturalki transferitutako generik. Max Plank Institutuko ikertzaileek Bemisia tabaci euli zurietan ikusi dute lehenengoa, jaten dituzten landareen toxinak neutralizatzeko erabiltzeko balio diena.

Ikertzaileek oraindik ez dakite nola lortu zuen euli zuriak landare baten genea eskuratzea, baina baliteke birus bat izatea bitartekaria, landarearen material genetikoa euliaren genoman txertatu zuena.

Gene horri esker intsektuak glukosido fenoliko izeneko toxinari talde kimiko bat eransten diola ikusi dute, toxina neutralizatu eta arriskutsua ez izatea eragiten duena. Hala, landare askok intsektuen aurkako babes-neurri gisa erabiltzen duten toxina hori pozoitzeko arriskurik gabe jan dezake euli zuriak. Ikertzaileen ustez, baliteke gaitasun horri esker bihurtu izana euli hau hain izurrite handien eragile. Ehunka landare-motez elikatzen da Bemisia tabaci, eta likido gozo eta likatsu bat askatzen du, onddoak landarean hazteko ezin hobea bihurtzen dena. Ehun birus baino gehiagoren bektore ere badira landareentzat.

Horren jakitun, eulien gene horren adierazpena blokeatzeko gai diren tomate-landareak diseinatu dituzte, funtzio hori duen RNA molekula baten genea txertatuta landarean. Tomate-landare horiez elikatutako euli zuri gehienak hil egiten direla frogatu dute. Cell aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.