Munduko herrialde askotan, konfinamenduan, herritarrek aukera izan dute ariketa fisikoa egitera ateratzeko. Jakina, infekzioak eragozteko neurriak hartu behar izan dituzte: bakarka edo talde txikitan ateratzeko baimena zuten, betiere jende asko elkartzea eragotziz, denbora-tarte batez eta eremu mugatu batean.
Ez da hala izan Hego Euskal Herrian, eta asko gogo biziz daude noiz emango baimena korrika egitera edo, besterik ez bada, ibiltzera ateratzeko. Itxaropen horrekin batera etorri dira, ordea, zalantzak: zer neurri hartu behar dira kirola egitean, infekzio-arriskua ez areagotzeko?
Aire librean eta bakarka egitea dira neurri orokorrak, baina oso ikerketa gutxi egin dira, berariaz, kirolaren gainean. Egin den bakarrenetakoak, gainera, kezka handia piztu zuen, gomendatutako 1,5-2 metroko tartea baino askoz ere handiagoa utzi behar zela ondorioztatu baitzuten, bata bestearen atzetik joatekotan korrika zein bizikletan: korrika, 10 metro, eta bizikletan, 20.
Herbehereetako eta Belgikako ikertzaile-talde batek egin zuen lan hori, eta, COVID-19arekin zerikusia duten gehientsuenak bezala, ikertzaile independenteak berrikusi baino lehen argitaratu zen. Adituek ikusi zutenean, ordea, berehala bota zuten atzera, akats nabarmenak baitzituen kirolariek ahotik kanporatzen zituzten tantaxken hedapenean. Azken finean, tantaxka horietan garraiatzen da birusa, eta funtsezkoa da jakitea nola hedatzen diren, beste pertsona batengana iristeko eta hura infektatzeko arriskua neurtzeko.
Adituek jakinarazi dutenez, tantaxketan birusek aire librean egin dezaketen bidea ez da oso luzea. Haizeak eragin handia izango du, noski, baita pertsonen arteko distantziak eta kokapenak ere, eta elkarren ondoan egiten duten denborak. Hau da, ez da gauza bera parez pare egokitzea une jakin batean, edo bata bestearen atzetik joatea, haizeak jotzen duen norabidean, ordubetez. Ikerketan, aldagaietako batzuk kontuan izan zituzten, baina gehiegi sinplifikatu zuten, eta, beraz, emaitzak ez dira baliozkoak.
Horrenbestez, berariazko ikerketen faltan, zentzuz jokatzea aholkatzen dute adituek. Bereziki, eragoztea jende asko elkartzeko arriskua dagoen lekuetara eta ordutan ateratzea. Horretarako, aplikazio informatikoak laguntza handikoak izan litezke, baina, oraingoz, ez dute halakorik jarri eskura.
Maskara erabiltzearen gainean, berriz, ez dago adostasunik. Batzuen iritziz, beste edozein jardueratan bezala, maskara lagungarria da norberak kanporatzen dituen tantaxkei eusteko. Beste batzuek diotenez, aldiz, korrika egitean arnasarekin busti egiten da, eta eraginkorra izateari uzten dio.
Eskuak garbitzeak urrezko araua izaten jarraitzen du. Korrika egitean, normalean, ez da gainazalik ukitzen. Baina luzamenduak egitean edo atseden hartzean agian bai, eta gainazal horretan egon daitezke birusak, nahiz eta ez den barruan bezain erraza, eguzki-erradiazioak eta aire lehorrak suntsitu egiten baititu. Gainera, infektatzeko, gutxieneko birus kopuru bat egon behar da, eta sudurretik, ahotik edo begietatik barneratzen dira, ez larruazaletik. Horregatik, eskuak garbitzea bezain garrantzitsua da aurpegia ez ukitzea, eta hori zailagoa da, oharkabean egiten baitugu, adibidez, izerdia kentzeko edo ilea edo betaurrekoak ondo jartzeko.
Aipatzen dituzten beste neurri batzuk ere zentzukoak dira: ez bota listurik, eta kontuz ibili ez lesionatzeko.
Neurri horiek hartuz gero, ariketa fisikoa egitera ateratzeak onurak baino ez ditu ekarriko. Besteak beste, lagungarria izango da obesitatea saihesteko, odol — eta digestio— aparatuen funtzionamendurako, hezurretarako (eguzkiari esker ekoizten den D bitaminaren bidez), lo ondo egiteko, immunitate-sistema sendotzeko, estresa eta antsietatea leuntzeko, gaitasun kognitiboei eusteko eta hobetzeko, erritmo zirkadianoa (gaua eta eguna) erregulatzeko, eta adikzioak kontrolatzen laguntzeko.
Elhuyarrek garatutako teknologia