Kontzeptu-teklatua

Ordenadorea irakaskuntzan eta beste zenbait arlotan sartzean topatu den arazo nagusienetako bat, gaur egungo periferikoak izan dira. Sarrerarako periferikoetan adibidez, teklatu alfanumeriko normalak badu eragozpen handi bat: agindu edo instrukzioak memorizatu egin behar dira eta horrez gain hauek karakterez karaktere tekleatu. Hau izan da hain zuzen ere pertsona asko, profesionalak barne, ordenadorea erabiltzeko uzkur agertzearen arrazoia.

Beste muga handi bat pantailako aurkezpenak dira. Irakaskuntzan koloreek, grafikoek eta irudiek berebiziko garrantzia dute eta zaila izaten da ordenadore bidez irudi errealak lortzea.

Bi muga hauek kontzeptu-teklatuaren bidez gaindi daitezke. Teklatu honen gainazala launa da. Beraz ez dauka teklaturik eta karaktereak eduki ordez irudiz osatzen da. Irudi hauek teklatuaren gainean ipintzen diren kartulina batzuetan daude irudikatuak eta programa bakoitzarentzat desberdinak dira.

Horrela, anatomia irakasteko programa bat erabiltzean, pantailan ikusi nahi den gorputz-zatiaren izena idatzi gabe nahikoa izango da kontzeptu-teklatuan gorputz-zati horren irudia sakatzea.

Teklatu hau sistema berria da inola ere eta erosoa izateaz gain, informatikaz ezer ez dakitenek ordenadoreari beldurra galtzea sor dezake.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila