Osasuna politika klimatikoen erdigunean jartzeak milioika bizitza salbatuko lituzke

klima-larrialdiaren-aurkako-politiketan-osasuna-er
2021eko azaroan ospatuko da Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Konferentzia (COP 26). Arg. Pixabay

Estatuek Parisko Akordioan sinatutako neurriak gauzatzeak eragin zuzena izango luke, ez soilik Lurraren berotze globalean, baizik eta giza osasunean. Milioika bizitza salbatuko lirateke neurri horiek ekarritako zeharkako onurez: aire garbiagoa izateak 1-18 milioi bizitza salbatuko lituzke urtero, elikadura hobea izateak 6 milioi eta herritarrek ariketa fisiko handiagoa izateko aukera izateak 1-15 milioi. Baina are bizitza gehiago salbatuko lirateke osasuna politika klimatikoen erdigunean jarriko balitz: aire garbiagoaz salbatuko liratekeenak baino 0,5 milioi gehiago, dietaz 0,6 milioi gehiago eta ariketa fisikoaz milioi bat gehiago.

The Lancet Planetary Health aldizkarian argitaratutako ikerketa batek jarri ditu zenbakiok mahai-gainean, eta agerian utzi dute politika klimatikoek ez dituztela teknologia-mailako esku-hartzeak bakarrik planifikatu behar; osasun-mailakoak ere sartu behar dira plangintzan.

Ikerketan, munduko bederatzi herrialde aztertu dituzte: Txina, Alemania, Brasil, Estatu Batuak, India, Erresuma Batua, Hego Afrika, Nigeria eta Indonesia. Munduko populazioaren % 50 eta emisioen % 70 osatzen dute bederatzien artean. Herrialde horietan energiaren, nekazaritzaren eta garraioaren sektoreek sortutako emisioak aztertzeaz gain, urtero kutsadura atmosferikoak, dieta eskasek eta jarduera fisikorik ezak eragindako heriotzak ere kuantifikatu dituzte.

Hiru agertoki alderatu dira: energiaren, airearen kalitatearen, garraioaren eta osasunaren inguruko egungo politikak dituen agertokia; Pariseko Akordioarekin lerrokatua dagoen agertokia; eta politika klimatikoetan esplizituki osasuna hobetzea helburu duten neurriak jasotzen dituena.

Osasuna, politika klimatikoen erdigunean

Zientzialarien arabera, osasuna politika klimatikoen erdigunean jartzeak eskatuko luke airearen kutsadura murrizteko, dietak hobetzeko eta oinez zein bizikletaz ibiltzeko baliabideak planifikatzea. Izan ere, osasun-arazo askoren oinarrian bizimodu sedentarioa dago, esaterako, eta oinez zein bizikletaz ibiltze hutsak konponduko luke arazoa. Beraz, hiriguneen planifikazioa egiten denean, oinez eta bizikletaz ibiltzeko baliabideak jarri behar dira: ibilbide zuzenak, seguruak eta kalitatezkoak. Planifikazio horretan, natur espazioek ere herriguneetan integratuta edo gertu beharko lukete, herritar guztiek eskura izan ditzaten.  

Dietari dagokionez, herrialde bakoitzak aztertu beharko luke zer nolako kalitatezko elikagaiak dituzten eskura herritarrek. Ikertzaileen arabera, elikagai-sistema bera aztertu behar da, egun dietak hobetzeko oztopo handiena hori dela ikusi baita. Dieta nutritiboagoetarako trantsizioa egin behar dela adierazi dute, batez ere mendebaldeko herrialdetan: fruta eta barazki gehiago jan behar dira, haragi gorri gutxiago eta elikagai prozesatuak nabarmen gutxiago. Ikertzaileen arabera, dietaren hobekuntzaz saihestutako heriotzen % 22 haragi-kontsumoa murrizteak ekarriko luke, % 15 fruta eta barazki gehiago jateak, % 9 lekale gehiago jateak, % 6 hazi eta fruitu lehor gehiago jateak eta % 3 arrain gehiago jateak. Heriotzen gainerako % 50 obesitatea murrizteak ekarriko luke, zuzenean. Ikertzaileen arabera, trantsizio hori eman dadin, garrantzitsua da elikagai-sistemaren hobekuntza izatea politika klimatikoen oinarrietako bat.

Errealitatean, ordea, politika klimatikoek ez dituzte aintzat hartzen interakzio hauek, ez baita ikusten batera planifikatuta lortuko liratekeen onurak. Egileen ustez, osasunaren adituek buruz buru egin beharko lukete lan klima-politikak sortzen diharduten politikariekin, ekonomialariekin, ingeniariekin eta energia-, garraio- zein nekazaritza-adituekin. Modu horretan bakarrik lortuko litzateke giza osasuna politika klimatiko guztien oinarrian egotea.  

Gainera, politika klimatikoak osasun-helburuekin lerrokatzeak beste abantaila argi bat ere baduela adierazi dute ikertzaileek: orain arte ingurumenaren ikuspegi soiletik ikusi diren ekintzek onarpen politiko eta sozial handiagoa lortuko lukete horrela.

Proposamena The Lancet Planetary Health aldizkariko zuzendari Ian Hamiltonek berak egin du; gainezka egin duen zoonosi batek sortutako pandemiaren erdian, eta aurten Glasgowen (Erresuma Batua) ospatuko den Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Konferentziaren (COP 26) atarian. Aldizkariaren editorialean ideia bera berretsi dute: CO2-igorpenak zero izateko neurriak dira munduko osasun esku-hartzerik garrantzitsuena, orain eta datozen hamarkada askotarako.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila