Karnitinaren mitoa

Frantzian duela hilabete batzuk zenbait elikagai dietetiko dendetatik erretiratu egin zituzten osasun-agintariek karnitina-kontzentrazio desegokia zutelako. Karnitina edo BT bitamina (L-3-hidroxi-4-trimetilamonio-butiratoa) bi azido aminoren eratorria da; lisinarena eta metioninarena, hain zuzen.

Karnitinak gantzen metabolismoan garrantzia du, zelulako mitokondrioetan gantz azidoak garraiatzen dituelako. 1955. urtean konturatu ziren karnitinaren eginkizun honetaz, baina mitokondriotik kanpora ere karnitinak badu eraginik.

Karnitinaren eragina ulertzeko saiakuntza interesgarriak egin ziren haurtzaroaz gero muskuluetan “kalanbreak” zituzten bikiekin. Min haiek areagotu egiten ziren barau eginez gero, gantz ugariko dieta hartuta ala ariketa fisikoak eginda. Metabolismo osoak normala zirudien, gantz-azidoen oxidazioa izan ezik; karnitina falta baitzuten.

Ondoriz, karnitina zuten elikagaiak onartu egin ziren, baina proportzio jakin batzuk baino gehiago ez zituzten eduki behar: umeentzako esnekietan eguneko 15,5 miligramo baino gehiago ez ziren hartu behar eta gainerako produktuetan mila kaloria eta eguneko 100 miligramo baino gehiago ere ez.

Karnitina zuten elikagaiek ordea, inolako arrazoirik gabe berebiziko arrakasta izan zuten. Batetik, jendea karnitinak zeluletan energia handia ematen zuela sinesten hasi zen, eta bestetik, argaldu egiten zuela iruditu zitzaion. Horregatik produktu dietetiko batzuetan karnitina-proportzioa mila kaloriako 231 gramoraino igo zen eta kirolarientzako zenbait elikagaitan 343 gramoraino.

Osasun-arduradunek ordea, 276 elikagai dietetiko aztertu eta bederatzi erretiratu egin dituzte, legez kontrakoak direlako. Kirolarientzako produktuetan berriz, 130 aztertu eta 33 erretiratu dituzte.

Egia da karnitina eskasiak metabolismoan arazoak sortzen dituela, baina neurriz gain hartzeak mesede egiten duela ez dago inola ere frogaturik; are gutxiago pertsona argaldu egiten duenik.

Noizbehinka elikaduraren arloan horrelako mito sasizientifikoak sortzen dira eta konponbidea agian Estatu batuetan FDA (Food and Drug Administration) erakundeak daramana izan daiteke. Izan ere, bertute magikoak dituztela dioten produktu kimiko, bitamina, mineral, landare-estraktu, etab. ugari aztertu du, fabrikatzaileek aldarrikatutako mesede horiek egiaztatzearren. Produktu batzuek, propagandak dioenez, minbizia, obesitatea, hipertentsioa, infekzioak, antzutasuna eta beste hainbat gaitz sendatzen omen dituzte, baina propagandan esandakoa gezur hutsa denean fabrikatzaile diruzaleak zigortzea beste erremediorik ez dago.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila