Datorren ekainean Australian eraikitako katamaran erraldoi bat Mantxako Kanaleko ferry-merkatuan lehian hasiko da. Portsmouth eta Cherbourg arteko bidaia egingo du “hovercraft”aren abiaduraz.
Katamarana “hovercraft”ak nabigatu ezin duen sagaila edo marejadan ibiltzeko gauza izango da. 4 m-ko olatuen bitartean katamarana kanpoko bi gilen gainean ibiliko da, baina itsasoa haserreago badago, erdiko hirugarren gila hasiko da lanean untzia orekatzeko. Diseinatzaileen esanetan 6 m-ko olatuetan nabiga dezake katamaranak.
“Hovercraft”ek itsaso barea behar dute nabigatzeko. Frantzia eta Ingalaterra arteko bidaia egiteko baimenik ez dute, baldin eta uhinak 3,5 m baino handiagoak badira.
Katamaranak abantaila nabarmenak ditu ferry arrunten aurrean. Alde batetik, edukiera bereko auto-ferry edo “hovercraft”ak baino bosten bat merkeagoa da; 20 milioi A$ bakarrik. Bestetik, katamaranak hiru aldiz azkarrago egingo du bidaia eta gaupasa-bidaiak bazterturik geldituko dira.
Christofer Columbus
izeneko katamaranak 74 m-ko luzera du eta 3650 kW-eko lau diesel motoreek bultzatzen dute. Lor dezakeen abiadurarik handiena 40 korapilokoa da, baina bidai abiadura normala 36 korapilokoa izango da. Cherbourg eta Portsmouth arteko distantzia 120 km-koa da eta katamaranak 2 ordu inguru beharko dituela espero da.