Egun berriz, gauzak aldatu egin dira. Jatetxetako kartetan eta arrandegitako apaletan arrunt eta ohizko bilakatu zaigu izokina. Izokinaren hazkuntza industrialari esker izan da posible hori.
Izokinaren hazkuntza oso industria emankor eta hedatu bihurtu da Iparreuropako hainbat herritan. Izokinak kutxatan hazten dira kostaldeko toki egokitan. Toki horiek itsas korrontetatik eta itsasoaren haserretik ahalik eta babestuen egon behar dute. Horrexegatik badiak, bokaleak eta itsasadarrak aukeratzen dira izokina hazteko. Baina izokin-eskea gora doanez eta kostaldeko toki babestuak bukatzen ari direnez, hazkuntza itsaso zabalean egitea planteatzen ari dira Eskozian.
Hazkuntza, bereziki eraikitako kutxetan egingo da. Kutxa hauek 6 m altuko olatuak pairatzeko gai izan behar dute. Kutxen goikaldean elikagai-gordailu bat egongo da eta ordenadore batek janaria noiz libratu kontrolatuko du. Sistema honen bidez, eguraldi txarra dagoenean eta zaintzaileek kutxetaraino joaterik ez dutenean arrainak gosez ez hiltzea lortuko da. Kutxak kostatik kilometro batera kokatuko dira. Kutxa bakoitzak 40.000 izokin-kume eduki ditzake eta produktibitatea urteko 105 tonakoa izango dela espero da.
Itsaso zabaleko hazkuntzak zenbait abantaila du. Uraren zirkulazioa hobea da kutxetan zehar eta ura garbiagoa. Bestetik, uraren gazitasunean ez dira gertatzen ohizko tokitan mareak eragiten dituen aldaketak. Arrainek sortzen dituzten hondakinak eta elikagai-soberakinak ere errazago garbitzen dira eta ez dute arazorik sortzen. Toki babestuetan, materia organikoaren pilatzearen kausaz bakterioen ugaltze azkarra jazoten da eta bakterio hauek uraren oxigenoa kontsumitzera iritsi daitezke.
Itsaso zabaleko hazkuntzaren desabantailarik handienak, itsaso harroak kutxetan eta arrainengan sor ditzakeen kalteak dira.