Izarrak nola sortzen diren

Izarrak nola sortzen diren
2006/03/01 | Elhuyar
(Argazkia: NASA)

Izarrak nola sortzen diren azaltzeko, bi teoria eman dira ontzat orain arte. Baina Estatu Batuetako astronomo-talde batek bi teorietako bat --akrezio-eredua-- baztertzeko frogak aurkitu ditu, bai eta bestea --kolapso grabitatorioa-- indartzen duten beste hainbat datu bildu ere.

Aspalditik, aipatutako bi teorien artean egon dira zalantzan astronomoak. Kolapso grabitatorioaren ereduak dio Eguzkia baino ehunka aldiz astunagoak diren molekula-hodeiak gasezko nukleotan zatitzen direnean sortzen direla izarrak; nukleo horien trinkotzeak direla izarren sorburua. Akrezio-ereduaren arabera, berriz, molekula-hodeietan molekulak bildu eta bildu egiten dira, geroz eta gorputz handiagoak sortzeko, izarra eratu arte.

Ordenagailu bidezko simulazioek argitu dutenez, akrezio-eredua motelegia da izarren sorkuntza azaltzeko. Alegia, molekula-hodeiek gutxiegi irauten dute izar bat modu horretara sortzeko. Gainera, ez da inon topatu akrezio-ereduaren arabera sortzen ari den izarrik.

Kolapso grabitatorioaren eredua ere simulazio bidez aztertu dute. Simulazio horien ondorioetako bat da izar-mota ezberdinek sorburu bera dutela. Horrek argi azaltzen du izar sortu berrien masa-banaketa zergatik den konstantea gure galaxian eta beste galaxietan.

Beste behin ere, ordenagailu bidezko simulazio geroz eta finagoak laguntza ezinbestekoa izan dira zientzialarientzat.

Berriak labur
3
1
218
2006
3
004
Astrofisika; Astronomia
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila