Izarrak eta galaxiak

Guk Lurretik ikus ditzakegun izar guztiek, Galaxia izeneko disko moduko egitura osatzen dute. Izar-multzo horrek dimentsio ikaragarriak ditu. Diskoaren diametroa 100.000 argi-urtekoa da eta zentru aldean duen lodiera 15.000 argi-urtekoa. (Argi-urtea gutxi gora-behera 10 bilioi kilometro da). Eguzkia eta inguruan biraka dabiltzan planetak (Lurra barne) Galaxia horretako partaide dira eta diskoaren ertz aldean daudela esan daiteke.

Lurretik, zeruak itxura desberdina du alde batera edo bestera begiratu. Galaxiako diskoaren planoarekiko elkartzut begiratzen badugu, izar gutxi ikusiko dugu, baina, alderantziz, Galaxiako planoaren norabidean begiratzen badugu, izar ugari ageriko zaigu, nahiz eta begi hutsez zenbait izar ikustea zaila izan. Zerrenda zuriska, Esne Bidea, ikusiko dugu (geure Galaxiaren zeharkako ebakidura, alegia).

Galaxia izarrez eta gasez osatua dago. Gas horiek, nebulosak osatzen dituzte eta horietatik sortzen dira gero izar berriak. Alderantziz ere gertatzen da ordea; alegia, hildako izarren hondakina izan daiteke gasa.

Izarrak banaka ala multzoka egon daitezke. Izarrak binaka egoten dira batzuetan, baina milaka izarrez osatutako multzoak ere badira.

Galaxia ez da disko perfektua eta guneko esfera antzekoaren inguruan izarrak eta nebulosak zentruan elkartzen diren beso kiribiletan banatuta egoten dira.

Dena den, gure Galaxia ez da Unibertsoan bakarra. Milioika galaxia daude eta bakoitzak 100 milioi izar inguru izango ditu. Batzuk espiral-formakoak dira, baina eliptikoak, zirkularrak eta irregularrak ere badira. Magallaesen hodeiak, adibidez, irregularrak dira.

Era berean, galaxiak ere elkartuta daude, dozenaka edo ehundakako multzoak osatuz. Gaur egun dauden baliabideez, gugandik 14.000 milioi argi-urteraino dauden galaxiak azter daitezke, baina muga horiek laster gaindituko direla espero da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila