Itsaslabarretako ezegonkortasunak aztertzeko metodologia berri bat garatu dute EHUko geologo batzuek. Tresna oso baliagarria da, eremu horietan segurtasun-neurriak hartu behar direnean, ingurumena eta ondare geologikoa ahalik eta gutxien kaltetzeko. Lehenengo azterketak Geoparkean egin dituzte, eta Engineering Geology aldizkarian argitaratu dute han egindako lana. Euskal kostaldeko beste hainbat leku esanguratsurekin jarraitzeko asmoa dute.
Geologia klasikoa eta teknologia berriak uztartu dituzte: alde batetik, betiko landa-lanen bidez bildutako informazioa, eta, bestetik, drone baten bidez lortutako puntu-hodeiak, eta software bidez sortutako 3D-ereduak. “Informazio guztia elkartuta, iraganeko eta gaur egungo prozesuak aztertzen ditugu, etorkizunean gertatu daitekeena iragartzeko”, azaldu du Jon Ander Clemente Momoitio EHUko geologoak. Haren doktoretza-tesiaren lehen urratsa izan da argitaratu berri duten lana.
“Oso emaitza onak lortu ditugu”, dio Clementek. Eta aukera izan dute, gainera, sortzen dituzten ereduek iragarpen onak egiten dituztela ikusteko. “Abuztuan harri-jausi garrantzitsu bat gertatu zen Itzurunen. Bada, guk gure simulazioekin martxoan iragarri genuena gertatu zen, hain justu”.
Simulazio horiekin jakin dezakete labarreko zein zati dauden erortzeko mugan, eta harriak noraino eta zer energiarekin hel daitezkeen. Tresna oso erabilgarria izan daiteke ondare geologiko edo natural handiko guneak kudeatzeko estrategiak garatzeko. “Ingeniaritza klasikoan lehenengo gauza babes-neurriak eraikitzea izaten da. Guk lehenengo ikerketa egitea aldarrikatzen dugu, eta ikerketa horren arabera hartzea behar diren neurriak, ingurunea eta ondarea ahalik eta gehien zainduta”.
Adibidez, Itzurungo alde batean ikusi dute nahikoa litzatekeela metro bateko hesi bat eta landaredia ezartzearekin. “Landaredia oso eraginkorra da; harri txikiak harrapatzen ditu, eta handiak asko frenatzen ditu”, azaltzen du Clementek. Bestetik, proposatzen dute arrisku-mapa moduko batzuk egitea, Geoparkearen sarreretan jar litezkeenak, adibidez. “Gorriz markatuko litzateke labarretik eroritako harriak noraino irits daitezkeen, gero 2-3 metroko segurtasun-tarte bat utzi, eta, berdez, segurtasun handiko eremua”.
Hala ere, Clementek azpimarratzen du ezinbestekoa dela jendeak aintzat hartzea labarrak ingurune aktiboak direla: “Ingurune estatiko gisa ikustetik, ingurune dinamiko gisa ikustera pasa behar dugu. Pertzepzio-aldaketa hori ezinbestekoa da, segurtasunaren aldetik egiten dugun lanak balio dezan”.
Elhuyarrek garatutako teknologia