Zer gehiago behar da erakundeek azpiegitura-lana geldiaraz dezaten?
Hauxe da Itoizko urtegiarekin erlazionatutako guztia interes eta kezkaz segitu dugunok geure buruari egiten diogun galdera.
Azken egun hauetan mundu osoko talde ekologista gehienak biltzen dituen UICN erakundeak Itoizko urtegiaren aurka azaldutako jarrera izan da iritzi-artikulu hau idazteko falta zitzaidan azkeneko bultzada.
Jarrera honi SEOk, Doñanako estazio ornitologikoak, bertako 14 biologoek eta ICONAk egindako ikerketa serio eta zientifikoak ezezik, Greenpeace, CODA eta Euskal Herriko talde ekologista guztiek urtegia eraikitzearen aurka dituzten iritziak gehitu behar zaizkio.
Hala ere, nahikoa da ingurune zoragarri horretara hurbiltzea urtegia eraikitzeak eragingo lukeen ingurugiro-inpaktu ikaragarriari antzemateko. Pirinioaurreko nafar lurralde eder honek baso autoktono handiak mantendu ditu, erregio eurosiberiarraren eta mediterraniarraren arteko trantsizio-alderdia izateagatik, bizi-dibertsitate handia ezaugarri nagusi duelarik.
Honez gain, eskualdean gizakiaren eragina urria izateak, ugatza ere (Gypaetus barbatus) barne duen fauna joria mantentzea baimendu du, bertan dauden animali espezie ugari azken urte hauetan hedadura-zabalera nabarmen murriztutakoak direlarik.
Guzti honi Osa, Iñarbe eta Txintxurrenea-ko zintzurrez lagundutako paisaje-edertasun zoragarria gehitzen badiogu, berriro ere urtegiaren beharra joritasun biologiko guzti hau hondatzeko nahikoa ote den zalantza berpizten da.
Okerrena hori da, hain zuzen ere: ez dagoela batere argi urtegiko urari emango zaion erabilera zein den. Orain arte erabili diren argudioak ez dira batere serioak:
Azken urte hauetan izan dugun eraso ekologiko handienetarikoaren aurrean gaude eta azpiegitura hau justifikatzeko erabili diren arrazoiak ez daude batere argi.
Zer gehiago behar da sarraski hau gelditzeko?