Iodo izeneko mineral hau ezinbestekoa da gorputzarentzat, lepoan aurkitzen den tiroides guruinak hormona tiroideak sor ditzan. Tiroideseko hormona hauek hazieran, ugalketan, metabolismoan eta beste hainbat sistematan parte hartzen dute, 100 sistema ezimatiko baino gehiago erregulatzen baitituzte. Horregatik mineral hau falta denean tiroides guruina hazi egiten da, bozio bezala ezagutzen dena sortaraziz. Ondorioz metabolismoaren erritmoa gutxitu egiten da, ekimen fisikoa eta mentala oztopatu, pixu igoera, ilea lehortua, etab. ematen dira.
Hori guztiagatik beharrezkoa da dietak gure iodo beharrak asetzea, 150 mikrogramo eguneko beharrezkoak dira egoera normaletan, haurdunaldi eta laktantzian berriz 175-200 mikrogramo.
Iodoa bereziki itsasoko uretan aurkitzen denez, itsas produktu guztiak (mariskoak, itsasoko arrainak, algak) dira iodoan aberatsak eta horiekin batera itsas inguruko lurretan landatutako barazkiak ere, barnekaldekoak baino askoz kopuru gehiago izaten dute.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bultzatu duen kanpainan dioten bezala iodoan oparoa da gatz iodatua. Berez itsasotik lortzen den gatzak iodoa du baina bere prozesuan galdu egiten du. Hala ere, gatz-kopuru bati iodoa nahasten diote komertzializatu aurretik eta gatz iodatu bezala saltzen dute.
Alabaina, iodo falta ez da iodo gutxi hartzearen ondorioz bakarrik sortzen, badira janarietan zenbait substantzia iodoaren ekarpena murrizten dutenak. Substantzia hauek batez ere azaren familiako kide guztietan aurkitzen dira: azalorean, azan, bruselako azan eta lonbardan. Baita ere kakahuetearen azal gorriskan. Beraz janari horiek gehienez astean behin hartu eta saiatu beti ere itsas produkturen bat jan behar duzun otordu berean ez jaten. Adibidez ez jan azalorea eta antxoak otordu berean.