Inoizko esperimenturik aspergarrienak argitu du Heriotzaren Ibarreko harri ibiltarien misterioa

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Inork ez zituen inoiz mugitzen ikusi. Baina arrastoek nabarmen erakusten zuten mugitu egiten direla, eta ikertzaileak aspaldi ari ziren nola jakin nahian. Azkenean, lortu dute misterioa argitzea: flotatzen ari den izotzak bultzatzen ditu harriak toki batetik bestera, haize ahulek lagunduta.

inoizko-esperimenturik-aspergarrienak-argitu-du-he
Richard Norris paleobiologoa, harri ibiltari baten ondoan. Ikerkertaren argazki gehiago Flickr-en Arg. James Norris / Scripps Ozeanografia Institutua

Kalifornia eta Nevada estatuen artean, Heriotzaren Ibarreko Racetrack Playa-n daude munduko harri ibiltari ezagunenak. Batzuk eskuan hartzeko moduko harkoskoak dira; beste batzuk, berriz, 300 kg-ko harritzarrak. Eta, noizean behin mugitu egiten dira, ehunka metrora arte, aintzira baten hondoa izandako lautada horretan zehar. Ikertzaileek 1940ko hamarkadatik ari ziren jakin nahian zerk eraginda mugitzen ziren harriak, eta susmatzen zuten arren lurra bustita eta izoztuta zegoenean gertatzen zela, orain arte ez dute lortu harriak mugimenduan harrapatzea.

San Diegoko Scripps Ozeanografia Institutuko Richard Norris paleobiologoak gidatu du misterioa argitu duen esperimentua. Mugimetzean aktibatzen ziren GPS aparailu batzuk txertatu zituzten hainbat arrokatan, eta Racetrack Playan utzi zituzten, zenbait estazio meteorologikorekin batera. 2011ko neguan egin zuten hori, eta, ondoren, zain egoteko prestatu ziren, beharbada, bost hamar urtez. Izan ere, oso noizean behin mugitzen dira harriak. Horregatik, “inoizko esperimenturik aspergarriena” gisa bataiatu zuen ikerketa-taldeko kideetako batek egiten ari zirena. Fruituak uste baino lehenago iritsi ziren, ordea. Bi urte baino ez zuten itxaron behar izan harriak mugitzen ikusteko. Eta, gainera, han zeudela gertatu zen.

2013ko abenduan izan zen. Racetrack Playa putzu bat zen orduan, eta, gauean, tenperatura oso hotzek eraginda, izotz-geruza batek estaltzen zuen putzua. Eguerdian, berriz, eguzkiaren berotasunak izotza urtzea eragiten zuen. Bada egun horietako batean, izotza han eta hemen puskatu zenean, ikertzaileek ikusi zuten nola bultatzen zituzten harriak putzuaren gainean flotatzen ari ziren izotz-plaka meheek. Ondoko bideoan ikus daiteke (3:22-3:50 artean):

Eguraldi zakarrik ez

Hainbat hipotesik proposatu ez bezala, ez zen ez haize bortitzik, ez izotz-plaka handirik behar izan harriak mugiaratzeko. Alderantziz, leihoetako beiraren zabalerako izotz-geruzak (3-5 mm) eta oso haize ahulak (14-18 km/h) ziren mugimenduaren erantzuleak. Abendua eta urtarrila bitartean hainbat bider errepikatu zen fenomenoa, putzua lehortu zen arte. Hain zuzen, orduan geratu ziren agerian mugitutako arrokek lurrean utzitako arrasto bereizgarriak.  

Putzua lehortu zenean agerian geratu ziren mugitutako harriek utzitako arrastoak. Arg. Richard D. Norris /James M. Norris / Ralph D. Lorenz / Jib Ray / Brian Jackson

Ikertzaileen esanean, mugimendua hain da motela, 2-5 metro minutuko, nekez hauteman baitateke begi bistaz, batez ere harriak batera ari badira mugitzen, eta ez badago geldi dagoen erreferentzia puntu bat. Horregatik, uste dute posible dela norbaitek lehenago ikusi izana, gertatzen ari zela konturatu gabe. Edozein kasutan, nabarmendu dute harriak mugitzeko behar den kondizio meteorologikoen konbinazioa oso gutxitan gertatzen dela, eta, ondorioz, ez dela arraroa hainbeste denbora pasa izana misterioa argitzeko. 2013ko putzuak, esaterako, bi hilabete eta erdi iraun zuen, eta urteak pasa daitezke bat sortzen denetik hurrengoa sortzen den arte. Horregatik, munduko esperimenturik aspergarrienaren egileek oso zorionekotzat jotzen duten beren burua. Ikerketaren emaitzak PlosONE aldizkarian argitaratu dituzte.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.