Ikusteko, ertzak bereizi behar dira lehenik

Ikusteko, ertzak bereizi behar dira lehenik
2006/03/01 | Elhuyar
(Argazkia: E. Barrenetxea)

Robot batek irudi bateko objektuak bereizi nahi baditu, objektuen ertzak detektatu behar ditu lehenik. Hain zuzen ere, horregatik erabiltzen dira ertzen detektagailuak ikusmen artifizialean. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Edurne Barrenetxeak ertzen detektagailu berri bat diseinatu du.

Ertzen detektagailuaren funtzionamendua erraza da. Irudi bat hartzen da, grisen eskalara pasatzen da eta detektagailuan sartzen da. Detektagailuak irudia aztertu ondoren, beste irudi bat itzultzen du, atzeko plano iluna eta ertzak zuriz markatuta dituena.

Normalean, grisen eskalan aldaketa handiak dauden puntuen identifikazioan oinarritzen dira ertzen detektagailuak. Edurne Barrenetxeak erabilitako teknikan, ordea, aldameneko pixelekiko balioetsitako aldaketa baino handiagoa duen pixel-multzoa da ertza.

Sistema hori erabilgarria izan daiteke industriarako nahiz medikuntzarako. Adibidez, detektagailua egokitu daiteke robot batek eraikin bateko ateak detekta ditzan. Medikuntzan, berriz, melanomak detektatzeko balio dezake. Orezta edo orban baten irudi batetik abiatuta, haren ertza marraz daiteke eta ertz horrek hainbat hilabeteren buruan duen bilakaera aztertu. Denbora-tarte horretan oreztaren ertza 3 milimetro mugitu bada, baliteke melanoma bat izatea. Bilakaera hori begiz ikustea oso zaila da medikuarentzat, baina ez, ordea, sistema informatikoentzat.

Berriak labur
8
1
218
2006
3
021
Adimen artifiziala; Ingeniaritza
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila