Itsasoan flotatzen ari den itsasontzi batek aztarna bat uzten du inguruan dituen olatuetan. Baina Kaliforniako Unibertsitateko fisikari batek proposatu du aztarna hori asko murritz lezakeen teknika bat, eta, kasu batzuetan, ia desagerraraztera iris daitekeena. Horrek esan nahi du itsaso txarraren eraginetik babes litezkeela ainguratutako ontziak eta buiak.
Efektuaren oinarrizko ideia ikusezintasunaren estalkiarena da, alegia, flotatzen ari den objektura iristen diren uhinak kanalizatzea, objektuaren beste aldean forma eta abiadura berarekin ager daitezen. Hori lortzeko teknikak gaur egun puntako fisikaren ikergai dira, batez ere, metamaterialei esker argiaren uhinen esparruan emaitzak ematen ari baita.
Itsasoaren kasuan, gakoa itsas hondoaren forma egokitzean datza; itsasoa oso sakona ez den tokietan, olatuak hondoaren araberakoak dira, eta, horregatik, hondoa aldatuta, olatuen forman eragiten da. Baina ez modu zuzen batean. Itsasoaren ura ez da homogeneoa; hondokoa hotzagoa eta dentsoagoa da ur azalekoa baino. Ikertzaileak ura modelizatu du bi geruzatan banatuta egongo balitz bezala; eredu horretan, bien arteko faseartea ere olatuez osatuta dago, eta, hain zuzen ere, azaleko olatuen ikusezintasuna tarteko olatu horiek baliatuta lortzen da; ur-azaleko uhinak flotatzen ari den objektutik gertu desagerrarazi behar dira haien informazioa faseartekoetara bideratu ondoren. Eta objektuaren bestaldean kontrako fenomenoa eragin behar du hondoaren formak.
Errealitatean, itsasoa ez dago bi geruzatan banatuta eta ez dago fasearterik; gradiente bat izaten da, aldiz, uraren tenperaturan eta dentsitatean. Horren ondorioz, ikusezintasunaren efektua ez da inoiz erabatekoa izango, baina, behintzat, neurri handi batean funtzionatuko du.