Hainbat ikerketatan frogatu dutenez, eskalatzeak kalte egiten die haitzetako bizidunei. Alabaina, orain ikusi dute eskalatzeak ez duela uste bezainbesteko kaltea eragiten eskalatzeko bideen mikrohabitaten ezaugarriak kontuan hartuz gero.
Ikerketa AEBetako Niagarako haitzetan egin dute; hain juxtu, eskalada kaltegarria dela frogatzen duten ikerketa dezente egin dira lehendik han. Horietako askotan, eskalatzaileek erabilitako bideetan dagoen landaretza eta inguruko haitzetakoa alderatu dute; bideetan kanpoan baino landare eta liken gutxiago egoten dela ikusita, aldea eskalatzaileek eragiten dutela ondorioztatu izan dute.
Oraingo ikerketan, baina, aintzat hartu dute eskalada-bideen mikrohabitata: malda, irtenguneak... Parametro horiek kontuan hartu gabe, aurreko ikerketen pareko ondorioa atera dute. Aldiz, mikrohabitataren ezaugarriak aintzat hartuta, ikusi dute landaretzaren urritasuna lekuaren ezaugarriekin erlazionatzen dela batik bat. Hori dela eta, lehen egindako ikerketak berriz aztertzea proposatzen dute azkenekoaren egileek, emaitzak bestelakoak izan daitezkeelakoan.