Ikatza gas naturalarekin ordezkatzea ez da nahikoa klima-aldaketa moteltzeko

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

ikatza-gas-naturalarekin-ordezkatzea-ez-da-nahikoa
Gas naturaleko zentral elektriko bat, Oregonen. Arg. Scott Butner Photography / LLC

Energia-erabilera, ekonomia eta klima aintzat hartuta, 2050. urterako bost ikerketa-taldek egindako aurreikuspenen arabera, ikatzaren ordez gas naturala erabiltzea soilik, beste neurririk hartu gabe, ez da eraginkorra berotze globalari aurre egiteko.

Haustura hidraulikoari eta beste erauzketa-teknika berriei esker, azken urteotan, Estatu Batuetan asko handitu da gas naturalaren ekoizpena eta erabilera. Horrekin batera, 2007-2012 urteetan karbono dioxidoaren isuriak gutxitu egin direla azaltzen da txosten ofizialetan. Neurri batean gas naturalak ikatza ordezkatu izanari egotzi diote murrizketa hori. Eta, nonbait, hedatzen ari da gas naturalean oinarritzeak ingurumenari mesede egingo diolako ustea. Orain aurkeztu dituzten aurreikuspenek, ordea, ustea okerra dela erakutsi dute.

Estatu Batuak, Australia, Austria, Alemania eta Italiako aditu-taldeek egin dituzte aurreikuspen horiek, eta Nature aldizkarian argitaratu dituzte. Ez dute ukatu ikatzaren ordez gas naturala erabilita karbono dioxidoaren isuriak gutxitu daitezkeela. Baina ohartarazi dute, gas naturala merkea denez, are gutxiago isurtzen duten beste energia-iturri batzuk ere baztertu ditzakeela, tartean, eguzki-energia eta eolikoa.

Horrez gain, energia merkatzeak kontsumoa areagotzea ere eragin dezakeela uste dute. Horren ondorioz, berotegi-gas gehiago isuriko litzateke. Are gehiago: gas naturalaren osagai nagusia metanoa da, eta metanoak karbono dioxidoak baino berotegi-efektu handiagoa eragiten du. Aditu-taldeek kontuan hartu dute gas naturala ekoiztean atmosferara ihes egiten duen, eta, metano-ihesak gutxienekoak izanda ere, klima-aldaketa larriagotu egingo luketela ondorioztatu dute.

PNNL Estatu Batuetako Energia Saileko Ikerketa Laborategiko James Edmonds da aurreikuspenei buruz Naturen argitaratutako artikuluaren sinatzaile nagusia, eta, garbi hitz egin du: “Gas naturalaren ugaritasunak onura asko ekar ditzake, hala nola ekonomia-hazkuntza, tokiko airearen poluzioa [gutxitzea] eta energia-segurtasuna. Klima-aldaketa moteltzea ere onuretako bat izango zelako itxaropena zegoen; baina ez da hala”. Egileen iritziz, gas naturalaren hedapenak ez du onurarik eragingo klima-aldaketan, energia berriztagarrien aldeko politikak ezarri ezean.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.