Hibernazioan sartzea eragiten duen zirkuitu neuronala aurkitu dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

hibernazioan-sartzea-eragiten-duen-zirkuitu-neuron

Hibernazioan sartzea eragiten duen zirkuitu neuronala identifikatu dute karraskarietan, Nature aldizkarian argitaratu dituzten bi ikerketa desberdinetan.

Animalia batzuek beren gorputzeko tenperatura jaisteko eta metabolismoa apaltzeko gaitasuna dute, elikagai gutxi duten garaietan adibidez, energia gutxiago gastatzeko. Hori nola erregulatzen duten aztertu dute Takeshi Sakuraik (Tsukubako Unibertsitatea, Japonia) eta kideek saguetan, eta hibernazioarekin lotura zuzena duten neurona-multzo bat identifikatu dute hipotalamoan.Hain zuzen ere, ikusi dute neurona horiek aktibatzean gorputz-tenperatura eta metabolismoa jaitsi egiten direla, eta hibernazioaren antzeko egoeran sartzen direla. Esperimentuetan saguak 48 orduz egotera iritsi ziren egoera horretan, eta ez zuten albo-ondoriorik antzeman, ez portaeran, ez ehun eta organoetan ere.

Esperimentua arratoiekin errepikatu zuten. Saguek torpor deitzen zaien “hibernazio” laburrak egin ohi dituzte; arratoiek, aldiz, ez dute berez ez hibernaziorik ez torporrik egiten. Hala ere, neurona horiek aktibatutakoan, arratoiak ere hibernazioaren antzeko egoera hipometabolikoan sartu ziren.

Beste ikerketa batean, Michael Greenbergek (Harvard Medikuntza Eskola, AEB) eta kideek ere aurkitu dute hipotalamoko neurona-populazio batek erregulatzen duela hibernazioa saguetan. Eta erakutsi dute neurona horiek estimulatzean hibernazio-egoeran sartzen direla saguak, eta, alderantziz, neurona horiek blokeatzean, hibernazio-egoeran sartzeko gaitasuna galtzen dutela.

Ikertzaileen ustez litekeena da berez hibernatzen ez duten ugaztunetan ere zirkuitu neuronal horiek egotea, eta, beraz, bide horretatik hibernazioa induzitzeko aukera egotea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila